Laudioko Udalak Klima eta Energia Plana egiteko prozesua abiatu du, eta herritarrak beren ekarpenak egitera gonbidatu ditu

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala

Laudioko Udalak Klima eta Energia Plana egiteko prozesua jarri du martxan, udalerriaren egungo egoera energetikoa eta klimatikoa aztertzeko eta datozen
urteetan garatu beharreko ekintzak identifikatu eta planifikatzeko. Prozesuan herritarren, udalerriko eragileen eta udal teknikari eta politikarien parte-hartzea aurreikusten da.

Ekimen hau Europako eta Euskadiko klima- eta energia-helburuen testuinguruan kokatzen da. Europar Batasunak berotegi-efektuko gasen emisioak gutxitzea eta 2050erako klima-neutraltasuna lortzea du helburu.

Euskadin, otsailaren 8ko 1/2024 Legeak, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketarenak, klima-neutraltasuna gehienez 2050ean lortzeko esparrua ezartzen du, 2045ean lortzeko beharrezko ahaleginak eginez. Legeak, besteak beste, 2030erako berotegi-efektuko gasen emisioak % 45 murriztea, azken energia-kontsumoa gutxienez % 12 murriztea eta azken energia-kontsumoan energia berriztagarrien parte-hartzea gutxienez % 32koa izatea jasotzen du. Halaber, klima-aldaketaren aurrean lurraldearen erresilientzia handitzeko beharra azpimarratzen du.

Herritarren ekarpenak jasotzeko galdetegia

Laudioko Udalak energiaren eta klimaren arloan egindako jardueren artean, udal-eraikin eta instalazioetan, argiteria publikoan eta ibilgailu-flotan egindako hobekuntzak eta herritarrei zuzendutako ekimenak daude, hala nola Laudioko Eguzki Mapa.

Klima eta Energia Plana egiteko prozesuaren barruan, galdetegi bat prestatu da herritarrek energiaren eta klimaren inguruan dituzten iritziak, bizipenak, beharrak eta proposamenak jasotzeko.

Galdetegiaren bidez, besteak beste, udalerriko energia-erabilerari, mugikortasunari, eraikinen egoerari, klima-aldaketaren ondorioei eta ingurumenarekin lotutako kezkei buruzko informazioa bildu nahi da. Ekarpen horiek Laudioko egungo egoeraren diagnostikoa osatzeko eta udalerriaren errealitatera egokitutako neurriak zehazteko erabiliko dira.

Diagnostikoa osatu ondoren, prozesuaren bigarren fasean datozen urteetan Laudiok energiaren eta klimaren arloan eman beharreko pausoak zehaztuko dira.

Lanketa otsailera bitartean egingo da, datu objektiboak eta herritarren ekarpenak oinarri hartuta.

Udalak herritarrak eta udalerriko eragileak prozesuan parte hartzera animatzen ditu, Laudioko Klima eta Energia Plana guztion artean eraikitzeko. Galdetegia azaroaren 2tik 23ra egongo da eskuragarri, online zein hainbat udal-gunetan: udaletxeko sarreran, Kultura Etxean, Aretako Kultura Etxean, Lezeaga Aretoan, Kiroldegian, San Rokezar zentroan eta Santa Ana zentroan.

Ekarpenak egiteko helbideak:

• Euskara: https://forms.gle/mtKNrqPu92mqZVfs5
• Gaztelera: https://forms.gle/1meqqS8nWJ6bT9vw6

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide