Alde batetik, NODE dantza-konpainiak «Emakumeak» ikuskizuna eskainiko du, emakumeen eskubideen urraketak eta emakume sahararren errealitatea ardatz hartuta. Bestetik, «Arg(h)itzen» dokumentala proiektatuko da; Nafarroako Sakana eskualdean tortura pairatutako 30 lagunen testigantzak biltzen ditu ikus-entzunezko lanak.
NODE konpainiaren «Emakumeak» dantza-ikuskizuna
Arteak gizarte-errealitateak ikusarazteko eta hausnarketa eragiteko duen gaitasuna abiapuntu hartuta, NODE dantza-konpainia donostiarrak «Emakumeak» ikuskizuna eskainiko du azaroaren 22an, 19:00etan, Kasinoan. Bi emakume dira eszenako protagonistak, ausartak eta erabaki irmokoak, inposatutako eta indarkeriaz markatutako bidaia bat egitera behartuak. Elkarrekin, askatasunerako bidea egiten dute.
Emakume guztien erresilientziari egindako omenaldia da pieza, eta dantzaren eta gorputz-adierazpenaren bidez emakumeen eskubideen urraketak jorratzen ditu,arreta berezia eskainiz emakume sahararren errealitateari. Artearen lengoaia unibertsalak hitzen beharrik gabe emozioak eta bizipenak transmititzeko aukera ematen du, ikusleen enpatia eta hausnarketa sustatuz.
Azaroaren 26an, «Arg(h)itzen» dokumentalaren proiekzioa
Bestalde, azaroaren 26an, 18:30ean, Kasinoan, «Arg(h)itzen» dokumentala proiektatuko da. Auzolanean egindako ikus-entzunezko lan honek 1966 eta 2011 urteen artean Nafarroako Sakana eskualdean tortura pairatutako 30 lagunen lekukotzak biltzen ditu. Dokumentalak 75 minutuko iraupena du.
Testigantza horiek ezagutzea garrantzitsua da torturaren errealitatea eta haren ondorioak ulertzeko, biktimen bizipenak ikusgarri egiteko eta memoria kolektiboaren eraikuntzan aurrera egiteko.
Bi jarduerek, lengoaia eta ikuspegi desberdinetatik, giza eskubideen urraketen inguruko ezagutza eta sentsibilizazioa sustatzea dute helburu. Izan ere, errealitate horiek ezagutzea, entzutea eta horien inguruan hausnartzea funtsezkoak dira giza eskubideen errespetuan eta defentsan oinarritutako gizartea eraikitzeko.