09:00etan, eguneko lehen jarduera den mendi-buelta Herriko Plazatik abiatuko da. Ondoren, 11:00etan, Herriko Plazan hamaiketakoa jateko aukera egongo da, eta, ordu berean, Kirikino Aisialdi Taldeak puzgarriak eta jolasak eskainiko ditu. Euria eginez gero, bi jarduerak udaletxean egingo dituzte.
11:30ean, eragileen azokak Herriko Plaza hartuko du, eta kaleak girotzeko animazioa egongo da. Eguraldi txarra eginez gero, udaletxeko arkupeetan jarriko dituzte azoka-postuak.
Goizeko jardueren ostean, 13:00etan, Josune Garcia de Bikuñak «Txoriak bezala hegan» ikuskizuna eskainiko du Erabilera Anitzeko Aretoan. Jarraian, 14:00etan, ekitaldi nagusia antolatu da Herriko Plazan, eta 14:30ean, berriz, Memealdiaren eta Mikroaldiaren sariak banatuko dituzte. Euria eginez gero, bi ekitaldiak udaletxean egingo dituzte.
15:30ean, herri-bazkaria ospatuko dute Institutuan. Arratsaldean, 16:30ean, Txinbeta, Txorroskilo eta Borregomak «Ministro pisto» ikuskizuna eskainiko dute Alberto plazan. Euria eginez gero, Institutuko aterpean egingo da emanaldia.
Ordu erdi geroago, 17:00etan, Patx'eka Konpainiak dantzaplaza gidatuko du Herriko Plazan. Eguraldi txarra eginez gero, aldiz, Institutuan egingo dute. Era berean, 17:30ean, Katakaren egurrezko jolasak izango dira Alberto plazan; euria eginez gero, Institutuko aterpean egingo dituzte.
Azkenik, 19:00etan, Iraultza Erromeriak girotuko du Aldai plaza, egun osoko ospakizunari amaiera emateko.
Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak eskualdeko herritar guztiak gonbidatu ditu ospakizunean parte hartzera, euskararen bueltan elkartzeko, elkarrekin gozatzeko eta euskararen biziberritzearen aldeko lana indartzeko. Izan ere, hamar urteko ibilbidea ospatzeko eta etorkizuneko erronkei elkarrekin heltzeko, azaroaren 28an hitzordua Laudion izango da: «Denok Laudiora!»