Gardeako instalazioetako ur-sarean esku-hartze sakona egingo du Laudioko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala

Laudioko Udalak Gardeako instalazioetako ur-hornidurako sarean esku-hartze bat egingo du, Legionellaren presentziari aurre egiteko eta osasun-bermeak indartzeko. Orain arte egindako garbiketa- eta desinfekzio-tratamenduek ez dute arazoa behin betiko konpontzea lortu; ondorioz, azpiegituraren beraren gaineko jarduketa egitea erabaki da, arazoaren jatorrian eragiteko.

Esku-hartzearen helburua ur-sarearen baldintzak hobetzea eta Legionellaren hazkundea prebenitzea da. Horretarako, ur-hartune nagusia lurperatuko da, urak tenperatura baxuagoan mantentzea ahalbidetuko duen sakoneran. Lan horiek egiteko, zangak irekiko dira, eta gaur egun lurrazaletik doan hodia lurpetik bideratuko da.

Horrez gain, galdara-gelako barne-hodiak eta aldageletako ur hotzeko hodiak ordeztuko dira. Behin obra amaituta, metagailuak eta ur-zirkuitu guztiak garbitu eta desinfektatuko dira, instalazioaren higiene- eta segurtasun-baldintzak bermatzeko.

Prebentzioa eta kontrola funtsezkoak direla Legionellaren aurkako borrokan. Izan ere, ez da nahikoa tratamendu puntualak egitea; instalazioen egoera, uraren tenperatura eta sarearen funtzionamendua etengabe zaindu behar dira, bakterioaren hazkuntza saihesteko eta erabiltzaileen osasuna babesteko.

Lanak amaitu eta garbiketa- eta desinfekzio-tratamenduak egin ondoren, instalazioak hilabete inguruz egongo dira erabili gabe. Garbiketatik hamabost egun igaro ondoren, uraren laginak hartuko dira, eta beste hamabost bat egunez emaitza analitikoak jasoko dira. Denbora horretan, mantentze-lanen sailak egunero purgatuko ditu sarearen amaierako puntu guztiak. Instalazioak berrerabiltzeko aukera laborategiko emaitzen araberakoa izango da.

Lanek irauten duten bitartean, eraikin osoan etengo da ur-hornidura, sukaldean, tabernan eta komunetan barne. Txorrotak ez erabiltzeko agindua emango da, baina jarduerari eutsi ahal izateko, komunak eta dutxa eramangarriak jarriko dira erabiltzaileen eskura pista guztiak erabilgarri egongo baitira. Bestalde, Gardeako eskola erabilgarri egongo da ordainketak egiteko eta giltzak jasotzeko: goizez, 10:30etik 12:00etara, eta arratsaldez, 16:30etik 18:30era.

Udalak herritarren eta instalazioen erabiltzaileen segurtasuna lehenetsi du uneoro, eta jarduketaren garapenaren zein kontrol analitikoen emaitzen berri emango du.

Prebentzioa, jarraipena eta azpiegituren mantentze egokia dira osasun publikoa babesteko tresna Nagusia.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide