Milimetrorik ez da gure artean eta idatzi behar zaitut
ahozkatu ezean.
Bihotza irekiko dizut: bihotza itxi didazu.
Emeki sentitu ditut zure ukitu guztiak; ez nekien
laztanek orbainik utzi behar zutenik.
Atzekoz aurrera marraztu didazu onurak eta kalteak banatzen dituen frontera
ez naizela ja
hasierako pangea.
Puntu kardinalak zirriborratu dizkidazu: iparra ekian aurkeztu, hegoa ezkutatu,
mende
-ratu. Galdu nauzu.
Non nagoen ez jakitea jasangarria izan zitekeen
nora noan baneki
baina imanorratzak komeni zaizkidanen aurkako poloetara
erakartzen nau beti.
Orientatzeko sena hondatua dut, ona okertua eta
gutxitan nago nirean. Zure ekiteei esker
nire geldi ezin
egonen erruz
bihotza itxi dugu bi eskuz.
Emaidazu zure helbidea,
igorriko dizudala hau dena
postaz hobe
ia, zorionez,
postaria gure bila mapan galtzen den.