Begira:
leiho itxietatik
itzal izpiak
sartzen dira.
kanpoan antzezten zuten saioaz
nazkatu zinenez
betazalak beheratu zenituen teloi baten lez.
iluntasuna egiten du zure ganbara barruan
horrela handitu besterik
egingo ez zaizkizu mamuak.
lanbroa daramazu iltzaturik buruan
eta errezelak erretinetan josita
leiarrak bailiran.
Zu ez zinen itsu jaio.
Ikusmena galduta ere zu ez zinen itsu geratuko.
Zuk inoiz
kanpo hori begiratu
eta itsustasunak ikusi dizkiozu
beraz begira, entzungor hori, begira!
leiho itxietatik itzal izpiak sartzen dira
eta galtzen ari da
galtzen ari duzu
geratzen den argia.