Beldurrezko istorio bat
idazteko eskatu zenidan egun hartan
ez zenuen espero
borrokatzeko ezintasunaz
arituko nintzenik.
Ez zenuen imaginatu
gorrotozko pasarteetan
ezjakintasuna aipatuko nuenik, ez eta
komedia
eta politika orrialde berberetan nahastuko nituenik.
Ipuin triste bat
idazteko esan zenidanean
ez zenuen eguneroko baten formatua espero
ezta deseraikuntza-prozesu amaigaberik
superazio-istorio gisa.
Harritu egin zinen
eleberri beltzetako hiltzaileak
beti funtzionarioak berak zirela aurkitzean eta
misterio guztien atzean
estatu-sekretu ilunak topatzean.
Nork esango zizun
maitasun istorioak ez zirela
bi protagonistetara mugatu behar
edo
lohian pentsatzen
poesiarik ederrena idatz zitekeenik.
Ez zenuen espero
hiru aldiz zapaldua izanik
historia libururik idatz nezakeenik.