Letra etzana
gorputza bezain. Lerro okerrak
hezurrak bezain. hori, orain.
Nik, betidanik
muxu
truk
eskeini dut.
Idazten baldarki dakidan honek
bizi luze osoz
eman eta eman eta eman
zuek zenezaten bizi
goza eta jantzi eta jan.
har ezazue nire poesia
plater bete dilista
izara zuri
errieta irmo
gaztetako pasadizo
kulero garbi
praketako tarratadetan adabaki.. jakingo bazenute zenbat errima garbitu, egosi, igurtzi, josi
dizkizuedan
itxuraz, ezerren truke.
jakingo bazenute
zenbat olerki
joan zaizkidan komuneko isuribidetik
erre zaizkidan lapikoan
kolorgabetu zaizkidan lixibaz
sastatu zaizkidan orratzaz.. niri, idazten ikasi ez nuen honi!
har ezazue nire poesia
hitzetan
ez den formatu anitzetan.
zuengatik egin dut
bizi luze osoz
muxu
truk.