Nekez ikusten diezu amaiera maldei. Kurtso hasierakoa, urte hasierkoa, eta bide erdian dauden guztiak.
Uda orok dakar bere iraila; aste orok dakar bere astelehena eta tarteka zaindu ez dituzun kontuak atera beharko dituzu nekez.
Lanak ez dizu jateko adina ematen. Ura botako diozu kafeari, ura xaboiari, ura dilistei, gehiago iraun dezaten. Baina ez dira biderkatzen. Igandero supermerkatuetako eskaintzen liburuxka ondo aztertuta zerrendatuko dituzu astean zehar erosiko dituzunak. Gustatu ala ez jango dituzu eskaintzak.
Lagunak aparteko orduak eskatu dizkio nagusiari. Lagunaren egunak aparteko orduak beharko lituzke.
Agertzen den ia guztietan lanetik dator, berandu, eta berandu doa gero lanera. Pote azkar bat hartzeko geratzen zaretenean luzatu nahiko zenuke tartea; ur gehiago botaz zerbezari, edo denborari, posible balitz.
Lan-absentismoa kontrolatzeko neurriez ari da patronala, zu absentismo soziala pairatzen ari zara.
Prezioak lan-ordutan itzultzen hasi zinenetik alferrikako gastu bakoitzeko emango eta jasoko duzu zigorrada; zeure buruari zeure buruak. Kaña batekin bi dilista pakete erosiko zenituzke. Zenbat otordu kendu dizkiozu zeure sabelari dagoeneko? Lotara joango zara afaldu gabe. Afaldu: denbora eta dirua galdu. Zure gosean esku arrotzek agintzen dute. Janak ez dizu lan egiteko adina ematen.
Nekez aterako dizu bihar nagusiak nahi beste etekin, nekatuegi egongo zarelako egunak gora doazen malda nekezak direlako. Jarraian malda gehiago dago. Nekez egingo duzu lo etxea erre edo etxetik botatzen zaituztela amets egiten. Zer ote da okerrago? Estatuen borra izango da bankuarekin duzun zorra ez kitatzeagatik jasoko duzun zigorra.
Bizitzak ez dizu bizitzeko adina ematen hemen. Ez daukazu nora emigratu dena den. Etxebizitza ezinbesteko eta ezineko delako. Bizitza bezala.