Buru-makur eta elkarrengandik urrun bizi izan garen 2020-2021 urteetan zerbait argi geratu bada, euskarak desabantailan jokatzen duela da, zoritxarrez, nahiz eta arabarren erdia euskara ulertzeko gai den.
COVID-19ak agerian utzi zuen, euskarari merezi duen lekua emateaz gain, ezagutzaren balio erantsia ere eman behar zaiola, etorkizun eta oparotasunerako aukera berriak identifikatzeko balio duelako.
Eta betebehar horretarako lankidetza eta 2022ko Korrikaren lemari keinu eginez -hitzEKIN-, hitz egitetik, ekitera pasatzea funtsezkoa da.
Horregatik, Lurraldeko hainbat eragilerekin hitzetatik ekintzetara pasatzea da apustua, eskarmentudun bidaideekin eta euskararen abenturazale heldu berriekin: Arabako Bertsolazaleak, Euskaltzaindia, Topaguneak, SEA, HIGA, Euskarabenturakoak... Guztiak ere euskararen sustapenarekin konprometituak, eta etorkizunerako 4 ardatz estrategikoak egi bihurtzeko giltzarriak ditugunak:
1. ardatza: Helduen artean euskara ikastearen aldeko apustu irmoa. Ekintza honetan ezin ahaztu etorri berriak. Gure hizkuntzan, aukera idiliko baina eraginkorra ikus dezatela plazaratu nahiko nieke; gizarteratzeko, laneratzeko eta kultura berri baten ateak irekitzeko giltzarik baliagarriena dela azpimarratuz.
Baina, hiztun berriek edo aspalditik menderatzen dutenek gure hizkuntza askatasunez erabili dezaten, beharrezkoa da espazioak aktibatzen jarraitzea. Espazio sozialak, kulturalak, kirolekoak, lanekoak; euskararen erabilera oztopatzen ez duten esparruak, azken finean.
2. ardatza, esparru sozioekonomikoa da. Iaz, LANABESek (Arabako eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko programak) jauzi kualitatiboa egin zuen. Esparru horretan euskara sustatzen jarraituko dugu. Bereziki, 49 langile arteko enpresetara salto eginaz, lurraldean hedatuen dagoen enpresa-segmentuetakoekin batera; irakaskuntza duala eta Lanbide Heziketaren arloko euskarazko praktikak sustatuz; eta euskarari keinu egin dioten enpresak aitortuz.
3. ildo estrategikoa aisialdia, gazteria eta euskara trinomioa da. Pandemiaren ondoren, datu bilketa bat sustatu zuen Aldundiak, gazteek egun duten eskaintza ezagutzeko, ez bakarrik euskaraz, baita gaztelaniaz ere.
Azterlan honetan agerian geratu zen haurrentzako euskarazko eskaintzaren eta nerabe-gazteei zuzendutakoaren artean zegoen aldea.
Lankidetza publiko-pribatuko sare sendoa aprobetxatuz, 2022an arrakala horrekin amaitzeko eta aisialdiko jardueretan (kulturalak, sozialak eta kirolekoak) gazteek benetako espazioak izango dituztela bermatzeko beharrezko oinarriak ezarriko ditugu.
Aktibazio kolektiboarekin jarraituz, 4. ardatz estrategikoa familiarena da. Ikasgeletatik kanpo euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko gune egokiak, bai bide euskaldunak ezartzeko bideak irekiz, bai gure txikiek gehien kontsumitzen dituzten kanal digitalen euskarazko eskaintzaren alde eginez.
Ez nuke atal hau amaitu nahi euskara banaka aktibatzeko datorren urtean izango ditugun 2 hitzordu saihestezinei keinu bat egin gabe: EUSKARALDIA eta martxoan Amurriotik abiatuko den Korrika, euskararen lekukoa Euskal Herri osoan zehar eramanez.
Argi gera bedi: hitzetatik ekintzetara salto egin nahi dugu. Lekukoari eta gure erronka nagusiari helduta, aktibazio kolektiboa eta indibiduala eremu guztietan sustatzen jarraitzeko. Mantso- mantso edo arrapaladan, baina atsedenerako tarterik hartu gabe. Euskarak euskaldun egiten jarrai gaitzan.