Menpekotasuna sortarazten du, aurrez aurreko komunikazioa zapuztu, bikoteak apurtu. Gure gaitz guztien iturria omen da Guatxap.
Aplikazioa zabaldu baino lehen, hain ginen denak zuzenak eta benetazkoak, gutunak idazten genituen, elkar ukitu, azala bilatu, begietara begiratu. Bai zera.
“Tira, kasu batzuetan praktikoa bada”, hori da Guatxaparen inguruan entzugo duzun iritzi publikorik positiboena. Gainerakoan -azken konexioaren datua, tick bikoitzaren drama, Julio Iglesiasen argazki kopurua- dena da problema.
Baina aplikazioak alde onak izan baditu. Sormena pizten du-en emotikono sorta surrealista edo bihotza (kolore diferenteetan gainera) entregatzeko erraztasun handia, adibidez.
Azken aldian esan dizkidaten gauzarik politenak, Guatxap bidez heldu zaizkidala esango nuke. Eta trenean sakelekoari begira tap-tap ari direnen irribarre leloa ikusita, ez naiz bakarra.