Aiarako Ur Partzuergoa, Kantauriko Urkidetza, elkarte eta borondate-izaerako administrazio publikoa da, eta Aiarako Eskualdea osatzen duten herrietako hornikuntzaz arduratzen da 1999. urteaz geroztik.
Ikasleak ur kontsumo arduratsuan hezitzeko programa bat dauka eta aurten bere 11. edizioa ospatuko du. Ekimen honetan parte hartuko dute 8, 9 urte arteko lehen hezkuntzako 417 ikaslek eta bigarren hezkuntzako 12 eta 13 urte arteko 118 ikaslek. Aiaraldeko ikastetxe eta institutu guztiek erantzun diote deialdiari: Aresketa Ikastola, Arteko Gure Ama, La Milagrosa Ikastetxea, Nuestra Sra de la Antigua, Etxaurren Ikastola, Fabian Legorburu, Laudio Ikastola, Lamuza, Lateorro, Lucas Rey, Virgen Niña, Zabaleko Ikastetxea, Laudio Institutua eta Zaraobe Institutua.
Programaren edukia
Ekimena azaroaren erdialderarte gauzatuko da. Kantauriko Urkidetzak autobus bat bidaliko du ikastetxeetara haur eta gaztetxoak jaso eta Maroñoko presara eramateko. Bertan ingurugiro tekniko batek emango dizkie eman beharreko azalpenak eta berarekin batera ere Izorian dauden ura tratatzeko instalazioak ezagutuko dituzte, laboratorioa bisitatu eta Tantatxo maskotarekin batera uraren zikloa eta ura nola aurreztu ikasiko dute. Ikasgelan gaia jorratzen jarraitzeko materiala jasoko dute ere bai.
Beste aldetik, Lanbide Heziketako Udal Zentruko ikasleek ura tratatzeko Laudion dauden instalazioak bisitatuko dituzte haien ikasketeekin bat datorren formazio teknikoago bat jasotzeko.
"Ur adituak" horma-irudi lehiaketa
Ura aurrezteko horma-irudi lehiaketa bat ere antolatuko du Ur Partzuergoak. Ikasle bakoitzak tanta itxurako fitxa batean jaso beharko du ura aurrezteko bere aholkua eta talde guztiarenak bilduz horma- irudi bat osatuko beharko du. Horma-irudi onena egiten duen ikasgelak diploma berezia eta ura aurreztearekin lotutako opariak jasoko ditu eta parte hartu duten gainontzeko ikasgelek ere errekonozimendu bat jasoko dute.