Amets Meaza zinegotziak Laudioko Udalak San Roke Jaietan aurrera eramango dituen bi kanpaina aurkeztu ditu. Hauetako bat Berdintasun arloarena da eta Okondo, Amurrio, Orozko, Aiara eta Urduñako udalekin batera gauzatuko du Laudiok. Jai parekideak gozatzea eta emakumeek inolako eraso edo errespetu falta ez jasotzea du helburu. Tabernek, txosnek eta Gaztetxeak parte hartuko dute. Leku hauetan guztietan "Errespetatu, konpartitu, salatu" lemadun txapak banatuko dira. Hurrengoa da kanpainaren mamia:
Errespetatu: Bakoitzak jaia nahi duenean, nahi duenarekin eta nahi duen moduan bizitzeko eskubidea du. Emakume batek EZETZ esaten duenean, EZETZ esan nahi du.
Konpartitu: Jaiez eta plazako giroaz denok gozatzeko, etxeko erantzukizunak ere partekatu beharko ditugu. Etxeko zereginak eta familia-ardurak banatzen baditugu, denok izango dugu ondo pasatzeko denbora gehiago.
Salatu: Ez onartu inolako gehiegikeriarik. Indarkeria fisikoa, psikologikoa, zein sexuala jasanez gero, erabili larrialdietarako telefonoa, 112, edota informatu zaitez 900840111 telefonoan (24 orduz eskuragarri).
Bertso saioa
Horretaz gain, abuztuaren 17an biolentzia sexistaren kontrako bertso saioa egingo da txosnen gunean, 4 emakume bertsolarien eskutik. Musikaz lagunduta ere egongo dira bertsolariak.
Beste aldetik, preserbatiboen erabileraren aldeko kanpaina ere egingo da Laudioko Jaietan, nerabe eta gazteek, gaixotasunen kutsatzea eta haurdunaldi ez planifikatuak saihesteko orduan jarrera aktiboa izan dezaten. 2.500 kondoi inguru banatuko dira taberna, txosna eta Gaztetxean.