Aurkezpena ekainaren 11an izango da, Laudioko Kultur Etxearen Arraño gelan, arratsaldeko 18:30etan. Hirukidek Araban Gasteiztik kanpo egiten duen lehen aurkezpena da. Bertan elkarteak Laudio eta inguruko herrietako familiei eskaintzen dizkien zerbitzuak aurkeztuko ditu. Natalia Diez Caballero Hirukideko zuzendariak azaldu duenez, hainbat herri aurkezpen egiten ari dira aurten kide ugariko familiekin zuzeneko harremana izan eta haien behar izanak hobeto ezagutzeko.
Hirukide Laudio eta Amurrioko Udaleen arduradunekin bilduko da ere bai hainbat proposamen luzatu eta familiekin arduratsuak diren udalerrien dekalogoa aurkezteko.
Merkatari txikiekin ere bilduko dira kide ugariko familientzako deskontuak eta baldintza bereziak eskaini ditzaten. EAEn familia hauei baldintza bereziak eskaintzen dizkieten 350 enpresa eta denda inguru dago.
EAEko 6800 kide ugariko familiek osatzen dute Hirukide, agiria dutenen %30. Elkarteak 35.000 bazkide ditu eta izena emateko baldintza bakarra Kide Ugariko Familia agiriaren jabe izatea da.