Garai batean musika eta zinemara mugatzen ziren top zerrendak: 40 abesti nagusiak, 10 film ikusienak.
Orain, ordea, esparru guztietara zabaldu dira: “Zure sukaldean izan beharreko 10 gatz motak”, “Erromara joatekotan ikusi behar dituzun 6 iturriak”…
Zerrendaren elementu kopuruak jada ez du zertan borobila izan eta erraz aurkituko dituzu horrelakoak: “Guraso berriek kontuan izan beharreko 87 aholku ezinbestekoak”, “Frackingaren kontra egin ahal dituzun 13 gauzak”.
Egunkari honen erredakzioan ere, zerbait prestatzen ariko dira: “Zoroak jai koadrilako 7 kide basatienak”, “Larrua jotzeko Aiaraldean dauden 15 bazter aproposenak”, “Eskualdeko 34 baserritar azoka kitzikagarrienak”… horiek eta askoz gehiago etorriko dira.
Dena omen da askoz zaporetsuagoa top zerrenda formatuan irentsita. Zenbakiak gustatzen zaizkigu, zerrendak maite ditugu, topera bizi gara.