Kolesterola gutxienekoa da. Kontua da bizikletak hartu, haurrak atzeko aulkitxoetan sartu eta, bakoitza bere kaskoarekin, familia zoriontsua garela sentitzea, ibaiko ahate familia bezain harmoniatsua.
Bidea binaka egitekotan ere, aspaldiko lagun edo bikotearekin berriro bat zarela nabarituko duzu, pauso arin sinkronizatuari esker bihotza eta berriketa biziagotzen dira.
Baina kolesterolaren bideak duen indar mistiko eta sendagarria bete-betean sentitzeko, bakarka egin beharko duzu.
Kasu honetan atrezzo apur bat gomendatzen da: kaskoak belarrietan, ogia eskuan... Zure pauso alaian eroso sentitu eta begiak Zeramika eraikineko tximinian iltzatu. Topatzen dituzun ezezagun guztiak agurtu, akitutako runner pare batez errukitu.
Zubi gorriak zeharkatu ahala, izandako aste kaskarra nola desagertzen den sumatuko duzu. Lipidoak gorabehera, bizitzarekin adiskidetuko zara.