Guztira 125 ordutakoa da ikastaroa eta bost astetan gauzatuko da, abuztuaren 26tik, irailaren 27ra. Pablo Ibarluzea, antzerki aktore, zuzendari eta pedagogo laudiarrak emango du ikastaroa, YINdeYAN konpainiaren zuzendaria da, nazioartean eskarmentu handia du eta hainbat sari jaso izan ditu.
Nazioarteko Heziketa eremua
Antzerki laborategi honen aurreko edizioetan Alemania, Italia, Ingalaterra, Irlanda, Brasil, Argentina, Kanada, Australia, Israel, Palestina edo Suitzatik etorritako pertsonek parte hartu dute. Izan ere, Pabloren helburua, nazioarteko heziketa gune bat sortzea da, bertan euskal artistek kultura desberdinetatik etorritako pertsonekin elkarrekin bizi eta ikasi dezaten.
Zuzendariaren esanetan, laborategia ez da aktoreei zuzendutako interpretazio ikastaro hutsa, profil profesional desberdina duten pertsonentzako bilaketa eremua izan nahi du, gorputza eta espazioarekin lan egiten duten zuzendari, pedagogo, dantzari, eszenografo, txontxongilolariak eta abar elkarrekin aberastu daitezen.
Mugimendua, espazioa eta sormen kolektiboaren inguruan hausnartzeko aukera ematen du laborategiak eta lau ardatzetan antolatuta dago: Lan fisikoa, Mugimendua eta Espazioaren azterketa, Sormen Kolektiboa era Maskarak. Elementu hauek guztiak biltzen dituzten zirikadak jasoko dituzte ikasleek eta euren proposamen artistikoekin erantzun beharko dute, proposamen hauek taldean aztertu egiten dira gero.
Maskaren sorkuntza
Laborategi honetan ikasleek beraiek maskarak sortuko dituzte, gerora eskenatokian erabiliko dituztenak. Ikasleek espazioa, bolumena, kolorea eta materiaren inguruko hausnarketa borobiltzen dute horrela.
Ostatua eta bizikidetza artistikoa aukeran
Atzerritik etorritako ikasleentzako ostatua eskaintzen du YINdeYANek. Ikasleak elkarrekin bizitzeak ikastaroarekin lotutako bizipenak indartu eta nazioarteko konexio artistiko ederrak sortarazten ditu.