Martxoaren 22an, goizaldeko ordu biak aldera ailegatuko da 18. Korrika Laudiora. Data hori heldu bitartean Korrika Kulturalaren egitarauak lasterketaren aldeko ekitaldiz beteko du herria.
Lehenengo zita otsailaren 28an helduko da, arratsaldeko 19:30etan Bertso-Korrika izeneko emanaldia izango da Arrañope Tabernan.
Martxoaren 7an Iñaki Perurenak "Herri eta Harri" hitzaldia eskainiko du Basalarrina Euskal Topagunean. Harrijasotzaileak berak eta euskaldunok orokorrean harriarekin izandako harreman berezia azalduko du, bideo baten laguntzaz.
Horretaz gain, Ugarteko Auzolan Elkarteak antolatutako mendi ibilbidea eskainiko du Korrikaren egitarauak, martxoaren 17an izango da eta bi modalitate izango ditu. Goikogane, Kamaraka eta Ganekogortatik pasatuko den ibilaldi handia, Ugarteko plazatik aterako da goizeko 8:00etan eta laburragoa izango den ibilaldi txikia, berriz, ordu bat beranduago aterako da egun eta leku berean. Bi kasuetan hamaiketakoa egingo da Ermuko larrinean. Egun horretan pilota partidak ere izango dira Lamuza Frontoian. Bi egun beranduago, martxoaren 19an, Laudioko ikastetxeetako haurrek Korrika Txikia ospatuko dute eta Aldaikorreka plazan dantzaldia izango dute ere bai.
Korrika Kulturalaren baitan, Asier Otamendiren diaporama ere izango da Laudion eta, azkenik, martxoaren 21ean bertso batukada eta txitxiburduntzi herrikoia antolatuko dira goizaldean helduko den Korrikari behar bezalako ongietorria emateko.
Egitaraua "Pisukideak" umorezko antzezlanarekin bukatuko da, emanaldia martxoaren 22an izango da Lanbide Heziketa Eskolan, sarrera 3 eurotan egongo da eta dohainik izango korrika laguntzaile txartela dutenentzat.
Laudioko Korrika Kulturalaren laguntzaileak dira Herriaren Pilota Elkartea, Aiarako Bertsolari Eskola, Ugarteko Auzolan Elkartea, Basalarrina Euskal Topagunea eta Laudioko Udala.
EGITARAU OSOA:
Otsailak 28: Arrañope Tabernan 19:30etan Bertso-korrika
Martxoak 7: Basalarrinan 19:00etan Iñaki Perurenaren "Herri eta Harri" hitzaldia
Martxoak 17: Korrika Mendi Ibilbidea Ugartetik (Ibilbide luzea: Irteera 8etan. Ibilbide laburra: Irteera 9etan)
Martxoak 17: 10:30etan Lamuza Frontoian pilota partidak
Martxoak 19: 15:30etan Korrika Txikia
eta "Munduan Berbena" Aldaikorreka plazan
Martxoak 19: 19:30etan Basalarrinan "Mundu Giro" diaporama Asier Otamendirekin
Martxoak 21: Arratsalde iluntzean Bertso-batukada eta txitxiburduntzi herrikoia Korrikaren zai daudenentzat
Martxoak 22: Lanbide Heziketa Udal Eskolan "Pisukideak" antzezlana. Sarrera: 3€. Doan Korrika Laguntzaile txartela dutenentzat