Webguneak jasotako bisitari bakarren datua 51.000tik 57.000ra igo da, proportzio beran hasiz. Ikusitako orrialdeak 561.500 izan dira, iaz baino 12.000 gehiago.
Albisteena izan da aurreko urtean bezala ikusitako orrialde gehien biltzen dituen atala (162.500), aurten Aitor Kortazar laudioarra libre utzi dutenekoa, Tubos Reunidos enpresaren lan uzteen ingurukoak eta Benito Lertxundiren kontzertuaren polemikari buruzko albisteek jaso dituzte bisita gehien.
Bideoei dagokienez, Amurrioko Euskaraz bizi nahi dut lipduba izan da argi eta garbi arrakastatsuena baina M29 grebaren kronikarena edo Laudio eta Amurrioko 19 herritarren epaiketari buruzkoa ere ikustaldi ugari jaso dituzte.
Argazki bildumen atala 2012an sendotu egin da, 58.800 ikustaldirekin 2011an zituen datuak bikoiztuz: Laudioko jaiaren Txupinazoarena, Laudioko Aratusteak eta Urduñako Euskal Ezkontza edo Gazte eguna izan dira gehien ikusitako argazki bildumak.
Dispositibo mugikorretatik datozen bisitak laukoztu
Igoera nabarmenena ordea, dispositibo mugikorreratik datozen bisitetan izan da, 2011an 5000 bisita heldu ba ziren telefono mugikor eta tabletetatik, 2012an kopuru hau laukoztu egin da, 23490 dira aiaraldea.com-ek "mugimenduan" jasotako bisitak.
Sare sozialak trafiko iturri
Aiaraldea.com-era heltzen diren bisiten jatorria aztertuz gero, agerian geratzen da sare sozialen garrantzia. Izan ere, 2012an 17300 bisita heldu dira Facebooketik, 9000 Twitterretik eta 3700 Tuenti saretik. Berria.infotik ere 6500 bisita heldu ziren.
Bisita gehien ekainaren 7an
Bisita kopuru handiena ekainaren 7an bildu zen. Izan ere, egun horretan bakarrik 1281 bisita izan ziren eta ikusitako orrialdeen kopurua 3.854 izan zen. Amurrioko "Euskaraz bizi nahi dut" lipdubaren bideoa argitaratu zen egun horretan eta bisita gehienak eduki horrek eraman zituen.