Joan zen astean aurkeztu zuten Donostian euskal hedabideen elkarte berria. Euskal hedabideen elkarlana bideratzera eta euskararen hiztun komunitatearen eremu komunikatiboa indartzera dator elkartea. Euskara hutsez jardun eta publikoak ez diren komunikabideak bildu nahi ditu elkarteak eta ezaugarri horiekin bat egiten duten hedabide guztiak deitzen dituzte haiekin bat egitera. Aiaraldea.com ere elkarte honen kidea da, Tokikom hedabide lokalen bateragunearen bidez.
Helburua ahots bateratua izatea da: gizartearen aurrean agertzeko, instituzioekin hitz egiteko, kezkak agertu eta indarra erakusteko. Euskarazko hedabideen eremuak 600 langile inguru biltzen dituela eta ehunka mila pertsonarengana heltzen dela nabarmendu dute bozeramaileek.
Euskal Herri euskalduna lortzeko komunikabide esparru indartsua beharrezkoa dela uste dute Hekimeneko ordezkariek. Administrazioan, hezkuntzan eta euskarazko hedabide publikoetan indar handia jarri dela uste dute baina askoz gutxiago hedabide ez publikoetan, horregatik ezinbestekotzat jotzen dute indarrak biltzea.
Instituzioekin harremanak
Elkartea Eusko Jaurlaritzako ordezkari berriekin harreman finkoa bideratuko du: diru-laguntzez, publizitate instituzionalaz, mintzakidetza iraunkorraz, etab. hitz egiteko. Uda aurretik, Jarduneko Jaurlaritzarekin eta EAEko hiru diputazioekin osatuta utzi zuten elkarrizketa mahaia eta lan-eremu hori emankorra izan dadin egingo dute lan.
Euskal Hedabideen Behatokia sortzeko asmoa du Hekimen elkarteak, unibertsitateak, instituzioak, eta hedabide publikoak bilduko dituena. Ikerketa, audientziak eta teknologia berriak jorratu eta beste hizkuntzetako esperientziak aztertuko ditu Behatokiak.
Tokikomen izenean, Iban Arantzabal da Hekimen elkarteko presidentea (postu hau urtero txandatuko da) eta zortzi kideko zuzendaritza izango du (gaurkoan mahaian daudenak): Argia, Berria, Euskal Irratiak, Gaur 8, Gazteberri, 11amaika Telebista, Tokikom eta Xaloa Telebista.
Hurrengoak dira gaur egun Hekimeneko kideak:
- Aizu!
- Argia
- Berria
- Elhuyar
- Euskal Irratiak
- Gaur 8 / Zazpi Haizetara
- Gazteberri
- Gaztezulo
- Goierriko Hitza
- Hik Hasi
- Irria
- Irutxuloko Hitza
- Hamaika Telebista
- Jakin
- Lea-Artibai eta Busturialdeko Hitza
- Oarso-Bidasoako Hitza
- Sustatu.com
- Tolosaldeko Hitza
- TOKIKOM, eta haren baitan bilduta, honako hauek: 28 Kanala, Aiaraldea.com, Aikor, Aiurri, Anboto, Antxeta Irratia, Baleike, Barren, Bierrik, Bilbo Hiria Irratia, BLB (Berton + Prest), Erlo Telebista, Euskalerria Irratia, Galtzaundi, Goiena, Goierri Irrati Telebista, Hernaniko Kronika, Hirinet.net, Karkara, Mailope, Noaua!, Pil-pilean, Topagunea, Ttipi-Ttapa, Txintxarri, UK, Ukberri.net, Uztarria, Xorroxin Irratia
- Urola Kostako Hitza
- Uztaro
- Xaloa Telebista
- Zuzeu.com