Nerbioia bideratzeko planak sorrarazi duen polemikaren inguruan, Laudioko Udalak herriko hainbat gunek urpean geratzeko duten arriskua behin betiko eta bere osotasunean desagerrarazi behar duela uste du Aralarrek.
Horretarako, egungo bideratzea hobetzeaz gain, ibaiaren balio ekologikoa eta bere fauna eta flora berreskuratzea ahalbidetuko duten soluziobideak eskatzen ditu.
Ibaia bideratzeak hainbat eraikin eraistea eskatzen duela onartzen du Aralarrek, eta etxebizitza horietan bizi diren auzokideentzako gaur egun dituzten baldintza berdinak bermatuko lituzkeen berlojatzea eskatzen du, konponbidea Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailarekin hitzartutakoa izan beharko litzatekeela gehituz.
Kaltetutako 130 familien ordezkariek Berlojatzen elkartea sortu zuten bere eskubideak aldarrikatu eta Laudioko herria arazo honetaz informatzeko. Behin baino gehiagotan adierazi dutenez, Udalak berlojatzea esku pribatuetan ez uztea da haien aldarrikapen nagusietariko bat.