Amurrion ikasten duten 1.305 haur eta gaztetxoetatik, %69,5ak egin du euskara hutsezko ereduaren hautua; beste %30,5ak B ereduan egiten ditu ikasketak. Gaztelania hutsezko ereduan matrikulatutako ikaslerik, berriz, ez da egon 2009 - 2010 ikasturte honetan.
Amurrioko Udalak argitaratutako datuak dira hauek eta herriko ikastetxe guztietan (Aresketa Ikastola, Zaraobe Institutua, Zabaleko, Lukas Rey eta Virgen Niña) dauden 2 eta 16 bitarteko ikasleak barne hartzen dituzte.
Ikasketa maila diferenteei erreparatuta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (12- 16 urte bitartekoa) da D ereduaren hautua nabarmenen, maila honetan dauden 419 ikasleetatik, %76, 61ak ikasten baitu D ereduan. Lehen Hezkuntzari dagokionez (6 - 12 urte bitartekoa), %68,5ak ikasten du euskara hutsez. Haur hezkuntzan (3- 5 urte bitartekoa) dauden 282 ikasleen gurasoetatik, berriz, %63,12ak egin du D ereduaren aldeko hautua eta azkenik, Amurrion matrikulatuta dauden 2 urteko 96 haurrei dagokienez, %62,5ak ikasten du euskara hutsez.