Herriaren Pilota Elkarteak alegazioa jarri zion iaz Laudioko Udalaren aurrekontu zirriborroari, erdigunean frontoi berri bat kokatzeko aukera aztertzeko partida eskatuz. Lamuzako frontoia ez dago estalita eta bestelako ezaugarri minimoak ez dituela betetzen uste du Elkarteak.
Laudioko Udalak eskaera hori onartu du baina azterketa hori Lamuza Frontoiaren etorkizunarekin oso lotuta dagoela adierazi du.
Izan ere, aurreikusia dago Lamuzako Frontoia estaltzea eta bertan egin daitezken bestelako hobekuntzak aztertzea, Lamuza Parkea berreskuratzeko proiektu orokorraren barruan eta Arabako Aldundiak inbertituko dituen 9 miloi euroren baitan. Udala Aldundiarekin koordinatuko da dauden aukerak analizatzeko.