2016an egindako kooperazio eta elkartasun proiektuak azaldu eta haien aurrekontua zein izan den zehaztu du Udalak. Laudioko biztanle bakoitzeko 2,90 eurokoa izan da ekarpena, 2015ean baino 55 zentimo gutxiago. Izan ere, kooperazio eta elkartasun ekintzek 66.950 euroko aurrekontua izan zuten 2016an. Gastu finala 53.030 eurokoa izan zen, ordea.
Alde horrek gobernuz kanpoko elkarteei irekitzen zaien deialdian dauka jatorria. Hamabi proiektu aurkeztu ziren deialdi horretara, baina bik bakarrik egiten zuten bat deialdiaren oinarriekin eta beraz 25.000 euro banatzea aurreikusita zegoen arren, 12.620 euro bakarrik erabili ziren.
Kongon eta Kolonbian proiektuak
Gobernuz kanpoko elkarteekin egindako proiektuen artean, Kongora bideratu da bat, San Jose de Kinsasako eskolan Heziketa Informatikoa hobetzea du helburu eta Lankidetzarako Ingeniaritza GKEak gauzatu du 5.625 euroko aurrekontuarekin.
Deialdian onartutako beste proiektua Kolonbian gauzatu da, Ata ibaiaren goikaldean (Tolima) bizi diren komunitateen artean heziketarako eskubidea sustatzean datza, Kolonbia-Euskadi elkarteak bideratu du kasu honetan, 6.995 euroko aurrekontuarekin.
Euskal Fondoaren bidez Nikaraguarako beste proiektu bat ere lagundu du Udalak, San Carlosen ur hornikuntza hobetzeko.
Senidetutako herriekin elkarlana
Senidetutako herriei dagokionez, Laudiorekin senidetuta dagoen Nikaraguako Somoton hurrengo egitasmoa aurrera eramatea onartu zen 2016an: Janari tradizionaletako tailerretan egur hornikuntzarako alternatibak bilatzeko eta energia eraginkortasuna hobetzeko proiektuaren bigarren fasea, 12.000 euroko aurrekontuarekin.
Saharako Brucáa herriarekin ere senidetuta dago Laudio. Tindufeko kanpamentuetan garraio sistema hobetzeko 10.000 euroko proiektua gauzatzea onartu zen, Euskal Fondoa entitatearen bidez gauzatu da hau.
Egoera latza bizi duten haurrei harrera
Egoera larrian bizi diren haurrak udan hartzeko ekimenak Txernobileko umeak eta Bikarte elkarteen bidez gauzatu zituen Udalak. Errusiako Federazioaren eta Ukrainako umezurztegietatik helduko dira Laudiora umeak. 1,576 euroko laguntza jaso zuen Bikarte elkarteak eta 787 euro Txernobileko umeak elkarteak.
Urtero urrian ospatzen den Elkartasun Azokaz ere mintzatu da Udala, 2016an inoiz baino entitate eta elkarte gehiagok parte hartu zuten eta arrakastatsua izan zen deialdia.