Kultur ekimenetarako 42.000 euro banatuko dira, 34.500 herrian antolatutako kultur ekintzetarako (etxe erregionalak kanpo geratuko dira hemendik aurrera izendun diru-laguntzak jasoko dituztelako) eta 7.500 euro Laudiotik kanpoko kultur ekitaldietan parte hartzeko bidaiak laguntzeko.
Kirol diru-laguntzei dagokienez, 64.583 euro banatuko dira: 45.715 euro federatutako kirol elkarte eta taldeei bideratuko zaizkie (urteko izendun diru-laguntza duten taldeak kanpo geratuko dira), 3.642 euro eskola kirola laguntzeko izango dira, 920 aniztasun funtzionala duten pertsonekin aritzen diren kirol elkarteentzat, 3.643 kirol ekimen jakinetarako. 8.235 maila igoera edo sailkapen fasean dauden taldeei eta 2.428 euro kirol elkarteek egin behar dituzten bidaietarako izango dira.
Jai ekitaldietarako diru-laguntzetan 40.115 euro banatuko ditu udalak: 5.175 euro Santa Luzia Jaietarako izango dira, 1.495 euro haur danborradarako eta gainontzekoa, 33.445 euro, Sanroke Jaietarako izango da, kasu horretan kanpo geratuko dira ere izendun laguntza duten jai elkarteak.
Aldaketak prozeduran
Duela egun batzuk deialdi hau lehenbailehen plazaratzea eskatu zuen EAJri erantzunez, araudia aldatu eta deialdiarekin lotutako bi dokumentu daudela azaldu dute udal arduradunek: alde batetik elkarteek bete behar dituzten baldintzak zehazten dituen dokumentua dago eta bestetik deialdiaren zenbatekoak jasotzen dituen dokumentua.
Oinarrien dokumentua otsailetik onartua zegoen arren deialdiaren dokumentua ez da iragan astera arte onartua izan udalbatzan. Hori izan da, prozedurak izan dituen aldaketekin batera, deialdia orain plazaratzeko arrazoia, udal arduradunek azaldu dutenez.