IRITZIA

Klase elkartasuna ehuntzen

Erabiltzailearen aurpegia Ludi Temiño 2023ko urt. 16a, 15:00

Superberriakeko langileak, enpresarekin aurreakordioa lortu osteko biharamunean. / Aiaraldea.eus

2019an, Superberriakeko langileak kalera atera ginen lehenbiziko aldiz, Martxoaren 8ko Greba Feministaren barruan planteatu ziren mobilizazioetan parte hartzeko. Hortik aurrera hiru urte igaro ditugu, pandemia barne, zeintzuetan esan ziguten funtsezkoak ginela. Baina, behin pandemia igarota, ikusezinak izatera igaro gara berriz. Hiru urte hauetan garatu dugun borrokak helburu bakarra izan du: gure lan-hitzarmena betearaztea. Sektore feminizatuak gara prekarizatuenak. Kutxazain, jangeletako langile edo zaintzale izateagatik lan baldintza eta soldata okerragoak merezi ditugu?

Azken urte hau oso zaila izan da. Enpresak balantze negatiboak plazaratzen zituen, baina ez zuen horiek egiaztatzeko datu edo balantzerik ematen. Enpresak asmo bakarra zuen: lortu genituen hobekuntzak bertan behera uztea. Oldarraldi latza izan da.

Uda amaieran sorpresa bat jaso genuen: ezohiko bilera batera deitu gintuzten. Bertan, langile guztiak kaleratu eta denda guztiak itxiko zituztela esan ziguten, 70 familia kalean utziz. Imajinatu dezakezue egoera: lehen unea shock hutsa izan zen. Langileok ezin genuen gertatzen ari zena sinetsi.

Asanblada ugari egin genituen orduan, gainontzeko langileei egoeraren berri emateko. Bertan zehaztu zen bi bide baino ez zitzaizkigula geratzen: bide judiziala eta ekintza sindikala. Ekintza sindikalaren ildotik, ez zitzaigun beste aukerarik geratzen: aho batez erabaki genuen greba mugagabera jotzea, enpresak Enplegua Erregulatzeko Espedientea mahai gainetik kendu arte. 
Honen amaiera badakizue dagoeneko: langile guztion borroka eta batasunari esker lortu zen kaleratzeak bertan behera uztea, 70 lanpostuak eta denda guztiak salbatuta. Guretzat, Superberriakeko jabeak (eskualdekoak direnak eta guztiok ezagutzen ditugunak) pertsona non grata izendatu beharko lirateke. 

Lan erreforma berriarekin, edozein enpresak aurkeztu ditzake kaleratze masiboak, kontu ekonomiko faltsuak argudiatuta ere. Hori gertatu zen Tubacexen, eta hori gertatu da orain Superberriaken. Ikusi zen Tubacexen, eta ikusi da gure kasuan ere. Borrokaldi luzeak egitera bultzatu gaituzte bi kasuetan eta, Tubacexen kasuan, borroka egitea kriminalizatu nahi izan dute gero, hainbat langile eta herritarren aurkako kartzela eskaerekin. 

Guk, gure partetik, eskerrak eman behar dizkiegu bizilagunei, erakutsitako babes eta elkartasunagatik. Oso garrantzitsua da eskualdean horrelako kasuak ematen direnean guztion elkartasuna jasotzea, kalera ateratzea, eta elkar babestea. Superberriakeko langileon memorian iltzatuta dago oraindik Laudion egin genuen mobilizazioa, greba mugagabea hasi berri genuenean.  Zirraragarria izan zen eskualde oso bat ikustea gure pankartaren atzetik, gu bultzatzen eta gure borrokak zentzua zuela berresten.  

Niretzat, hori da bidea: elkartasun sareak ehuntzen jarraitzea mugimendu ezberdinen artean. Pentsiodunak, mugimendu feminista, enpresa komiteak (zein sindikatu edo sektorekoak diren axola gabe)… benetako klase elkartasuna da Aiaraldean piztu dena. Eta horretan jarraituko dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide