Egunero erreparatzen diet trenbideari begira dauden hainbat pabilioi industrialen atzealdeko paretetan marraztuak dauden graffitiei. Graffiti egileek asteburua aprobetxatzen dute noizbehinka paretak berristeko. Euren artea jaio eta hil egiten da etengabe, espazio hori baino ez baitute: txoko ezkutu eta ahaztu bat, pertsona ororen bistara dagoena. Artea bere zentsurik puruenean: produktu moduan baino, artistaren beharragatik sortua. Azkenaldian benetako arte lanak egiten dituzte, hiru dimentsiotako erliebeak simulatuaz.
Gure hirien estetika datorkit burura, griserantz eta tonu neutroetarantz jotzeko joera duten pareta monokromatikoekin. Badirudi inork ez duela horrekin guztiarekin bukatu nahi. Estetika neutroak bere habitatean zentratua mantentzen du norbanakoa, hiritar pasibo moduan jokatzetik harago doan inolako estimulurik gabe. Nire buruari galdetzen diot ea zer gertatuko litzatekeen hiriak inbaditzeko baimena emango balitzaieke euren artea hiriaren kanpoaldeko pareta zaharretan egitera kondenatuak dauden graffiti egile horiei guztiei. Nire burua imajinatzen dut goiz guztietan erabateko mugimenduan dagoen artearen erakusleiho bilakatutako kaleetan zehar paseatzen. Izan ere, euren legez kanpoko munduaren baitan, graffiti onenari sinadura nork jarriko lehiatzen dabilen komunitatea da graffiti egileena. Konpetentzia hori izango litzateke motorra bakoitzak bere onena jartzeko bahitzen duen pareta horretan.
Gustuko dugu artea, gustuko dugu margolaritza, museotan sartzeko ordaindu egiten dugu, artea eraikitzeko ere. Paradoxikoa dena da isunetara eta ahanzturara kondenatzen dugula benetan doan egiten duen hori, gure hiriei “kolorea” ematen dioten “teknikariek” baino freskotasun eta talentu gehiago izan arren.