Eta iritsi dira Gabonak. Milaka urte dituen tradizio hori gure bizitzetara atxikitzen da nahitaez, urtero-urtero. Beti galdetzen diot nire buruari ea zer espero duen jendeak Eguberrietatik. Alde batetik, umeak daude, edozein sinesmenetik at daudenak. Haur horiek espero dutena da Olentzerok, Erregeek edota Aita Noelek ahalik eta opari gehien ekartzea.
Beste aldetik, pertsona helduak daude, sinestun zein ez sinestunak, denak tradizioak agintzen duen errituala jarraitzeko prest. Itxaropenak mugaraino eramanez beti, dena gehiegikerian oinarritzen. Neurrigabekerian baitago erritual hori oinarrituta. Ondoezak sortzen dituzten otorduak, kontu korrontea zintzilikatzen duten opariak, eta ahalegin itzelak; espero diren irribarrea eta zoriontasuna mantentzeko. Paradoxikoa da. Gabonak beste gauza bat izan beharko lirateke sinestunen buruetan, baina sumatzen dut inork ez dakiela zer diren Gabonak. Ez gauza bat ezta bestea ere. Argiak daude, zuhaitzak, jaiotzak... eta ilusioa dagoela ere diote. Baina dezepzioak ere daude, inoiz betetzen ez diren aurreikuspen eta hutsuneak. Beti dagoelako hor urtarrila, zeinetan errealitateak bere tokian jartzen duen berriro dena.
Beti galdetuko diot nire buruari zer espero duen jendeak Gabonetatik. Dakidan gauza bakarra da irabazi askoko errituala izango dela merkatarientzat, tenplutik kanporatuak izan ziren horientzat.