EH Bildu eta Euskal Sozialistak taldeek Aiaraldeko ginekologia zerbitzua indartzea eskatu dute, eskaintza eskaerari egokitu dadin eta gainontzeko eskualdeetakoa bezalakoa izan dadin. Emendakina aldeko 9 bozkarekin ( EH Bildu 4, Euskal Sozialistak 3 eta Alderdi Popularra 2) eta 5 abstentziorekin (EAJ) onartu da.
Eva Blanco EH Bilduko kideak azaldu duenez, Aiaraldean Ginekologo bat eta 3 emagin daude 21.294 emakumerentzako. Gaur egungo baremoek diote ginekologo batek 4.100 emakume artatu beharko lituzkeela, beraz, gure eskualdean 5 ginekologo beharko lirateke.
Honetaz gain, zerbitzua jasotzeko Aiarako 9.000 emakume baino gehiago Laudioraino mugitu behar direla gogoratu du. Haien ustez, beharrezkoa lizateke zonaldeko zerbitzuak zabaltzea, familia-plangintza, komunitateko ginekologi-heziketa eta bizitzako etapa ezberdinetarako sexu heziketa eskainiz.
Txaro Sarasua PSE-EEko kidearen hitzetan, egiturazko arazoa da eta logikoa da zerbitzua indartzea, behar errealei egokitu dadin.
Gaur egun errutinazko azterketak egiteko hitzorduak hiru urtetara ematen direla gogoratu du, eta erabiltzaileak arazoren batengatik aurreratu nahiko balu, famili medikuarengana jo beharko luke. Honek hitzordua beharrezkoa dela ikusten badu, 5 edo 6 hilabeteren buruan izango litzateke, gutxienez. Gainera, zitologiak emaginak egiten ditu, eta ez ginekologoak.
Guzti honengatik, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko eta itxaron-zerrendak murrizteko bigarren ginekologia plaza beharrezkotzat jotzen du.