Asko dira etorkinei buruz herrian zehar zabaldu diren usteak. Horregatik, Udalak Juanan Urkijo Gizarte, Ongizate, Lankidetza eta Osasun Arloaren arduradunari egindako elkarrizketa argitaratu du, benetako errealitatea zein den erakusteko asmotan.
Udalaren datuen arabera, gaur egun Laudion 18.600 biztanletik 910 baino ez dira atzerritarrak, hau da, populazioaren %5a. Hauetatik, familien %50ek diru iturri propioekin egiten du aurrera.
Elkarrizketan, Juanan Urkijok azaldu du diru laguntzak jasotzeko denok baldintza berak ditugula eta herrian zehar zabaldu diren hainbat zurrumurru gezurtatu ditu. Adibidez, Udalak ez die etorkinei etxebizitzarik eskaintzen, etxebizitzarako dirulaguntzak Lanbidek kudeatzen ditu eta baldintza batzuk bete behar dira. Etorkinek mediku kontsultak betetzen dituztela ere gezurtatu du, gehienak gazteak baitira eta osasun onarekin baitatoz. Oso hedatuta dagoen beste zurrumurru bat elikagaiak erosteko txekeena da. Azken urteetan, salbuespen gisa, herriko hiru familiari eman zaizkie, adin txikikoen eskubideak bermatzeko eta benetan behar oinarrizkoak betetzeko erabili direla egiaztatzeko kontrol zorrotzak egin dira astero.
Honekin batera, Udalak kudeatzen dituen dirulaguntzak jasotzeko baldintzak eta kontrol zorrotzak daudela adierazi du, eta dirulaguntza horiek jasotzeko denok eskubide berberak ditugula gogoratu du.