Azaroan, mozio bidez, hilabeteko epean protokoloa eratzeko eskatu zen. Abenduaren erdialdean Ongizate Batzordeak zirriborroa pasa zien alderdi politikoei, abenduaren 27 arte ekarpenak egin zitzaten. Alabaina, eragile politikoek urtarrilaren 17 arte luzatzeko eskatu zuten, hurrengo ongizate batzorderarte. Orain, ekarpenak jasota dokumentu berria osatzeko asmoa dute.
Protokoloan etxegabetzeen aurrean udalak emango dituen pausoak zehazten dira. Lehenik eta behin, kasua aztertuko dute, diagnostiko eta balorazioa egiteko. Ondoren, etxegabetzeen aurrean dauden baliabideak jakinaraziko dituzte; plataforma eta kasuan kasu existitzen diren laguntza ezberdinak azalduz.
"Banku batzuekin harremanetan jarri gara", adierazi du Natxo Urkixo alkateak. Dena den, oraindik ez dutela ezer planteatu argitu du: "Egoeraren azterketa egitean erabakiko dugu bankuekiko hartuko dugun jarrera".
Bestalde, Aiarako Stop Desahucios plataformarekin elkarlanerako hitzarmena adostu du udalak. Oraingoz, udal azpiegiturak utzi dizkiete bulego zerbitzua eskaintzeko.
Laudion zortzi dira etxebizitza galtzear dauden kasuak.