Animalia, landare eta onddo espezie asko mehatxupean daude. Gaur egun argi dago habitat galera dela dibertsitatea galtzearen arrazoirik nabariena.
Hala ere, geroz eta garrantzitsuagoak dira beste arazo batzuk ere, batik bat espezie exotiko inbaditzaileen agerpena.
Egoera honek legedi desberdinen sorrera bultzatu du, Euskal Herriko tresna nagusia Espezie Mehatxatuen Katalogoa delarik.
Ornodunena da legedi horietan hobekien ordezkaturiko taldea, ziur aski animalia erakargarri eta ezagunenak direlako. Hauen artean, gainera, ugaztunak dira jendeak gehien maite dituenak. Gaur egun nork ez du bisoi europarra (Mustela lutreola) ezagutzen, galzorian dagoen mustelidoa?
Ostera, ornogabeen taldea askoz dibertsoagoa da, baina baita ezezagunagoa ere. Molusku espezie asko dira adibidez galzorian, eta hala ere, oharkabean pasatzen dira. Zertarako babestu ba bare “ezerez” bat?
Aiaraldean mehatxatuta dauden ornogabe espezie batzuk topa daitezke, adibidez, udaberrian Delikan ikus daitekeen sorgin-orratz beltz-hori marraduna, Onychogomphus uncatus. Ibaitik gertu hegan eta ertzetako harrietan pausatzen den mariorratz hau estatuko zerrenda gorrian zaurgarri moduan agertzen da. Erronkarik nagusia gainerako jende zein administrazioarentzat ere oharkabean pasatzen diren bizidunak behatzen eta maitatzen ikastea da.