Zein da beldur gehien ematen dizun animalia taldea? Erantzunean “sugeak” etorriko zaizkio zuetako askori, baina zergatik? Tamalez galdera honentzako ez da erantzunik izaten. Sugeek gainontzeko animaliek jasaten dituzten mehatxuez gain, modu irrealean mehatxatuta sentitzen diren pertsonen partetik jazarpen zuzena pairatzen dute. Beldur horren jatorria ezjakintasunean dago, eta honi aurre egiteko, mito zein uste okerrak gezurtatzeko, animali hauen benetako errealitatea erakustea izaten da biderik egokiena, soilik honela lortzen baita jendearen jarrera aldaketa, animalia hauek gainontzekoen gisara errespetatuz tratatuak izan daitezen.
Azken finean panda hartz bat hiltzea bezain larria baita suge bat hiltzea, eraso ekologiko konparagarriak. Adibidez, jakin bazenekien Aiaraldean topa daitezkeen 6 espezieetatik bakarra, sugegorri kantauriarra, dela pozoitsua? Baina, orduan, pozoitsua baldin bada, horren beldur izatea normala al da? Argi izan behar dugu sugegorri espezie honen kasuan (eta Penintsulako beste bien kasuan ere) pozoia ahula dela. Penintsulan 130 bat hozkada ematen dira urtero, eta horietatik soilik %1 suertatzen da hilgarria, eta beti ere erreakzio alergikoa eragiten diolako erasoa jasan duenari. Pozoitsua, beraz, ez da hilgarriaren sinonimo.
Horrelako bitxikeri eta datuak ezagutzea ezinbestekoa da narrasti talde honekiko errespetua irakasteko eta ingurune osora zabaldu litekeen jarrera lortzeko.