Australiara heldu nintzenean (ia duela hiru urte!) arreta gehien deitu zidana hirietan bizi diren animaliak izan ziren.
Euskal Herrian ere animalia batzuk, etxe txolarrea adibidez, Bilbo bezalako hirietan topa ditzakegu. Hiriak edo “urban areas” inbaditzeko gai diren espezieek ikertzaileen arreta deitu dute azken urteetan.
Hiriak inbaditzen dituzten indibiduoak nahiko bereziak izaten dira maiz, eta haien espezieko indibiduo “basatietatik” jokaeran, fisiologian eta morfologian bereizten dira hirietan bizi ahal izateko. Adibide harrigarria hegaztiak dira.
Gaur egun badakigu zarata handiko hiri guneetan bizi diren txori batzuek (adibidez aireportu edo errepideetatik gertu), doinua aldatu eta bolumena igotzen dutela gure auto eta hegazkinek egiten duten zaratari aurre egiteko.
Hirietan bizi diren espezie batzuek gizakiak botatako janariaz probetxu hartzen dute eta askotan, janari hori ustiatu ahal izateko, pertsonen beldur izateari uzten diote. Hori da Australiako animalia "urbanitekin" gertatu dena, edo hala dirudi behintzat.
Australiako hirietan (Sydney eta Canberra esaterako), animalia espezie asko, bereziki hegaztiak, ikusten dira. Eta ez bakarrik ikusi, normalean zuregana hurbiltzen dira eskutik jateko. Australia famatua da animalia espezie mordoa daukalako. Hegaztien artean kakatuak eta papagaiak hirietan irabazleak direla esango nuke.
Horrez gain, Australiako fauna berezia da benetan. Kanguruak bezalako marsupialak nonahi ikusten dira. Hauek Europan ditugun plazentarioetatik bereizten dira umeak marsupioan (emeak duen poltsan) eramaten dutelako hazten diren arte. Oraindik arraroagoak ekidna eta ornitorrinkoa bezalako monotrematuak ere hemendik bizi dira, narrastiak bezala arrautzak ipintzen dituzten ugaztunek.
Denok ezagutzen dugu Australia arriskutsuak diren animalia kopuru izugarria daukalako: krokodiloak, marrazo zuria eta munduko suge eta armiarma pozoitsuenetakoak. Edonork pentsa zezakeen hainbeste animalia arriskutsuekin bertako jendea izututa egon zitekeela. Justu kontrakoa!
Australian animalienganako errespetua harrigarria da! Australiara heltzean jendearen natura eta animaliekiko errespetuak ere asko harritu ninduen. Pertsonak animalia guztiekin, baita pozoitsuak ere, elkarrekin bizi dira, bata besteari eragotzi gabe.