[ANALISIA] Suteak Australian

Erabiltzailearen aurpegia Maider Iglesias (Naturayala blogean argitaratua) 2020ko ots. 1a, 07:00

Argazkia: Argia.eus

Euri gutxi egiten duen urte berdinean, tenperatura altuak eta aldaketa klimatikoaren aurrean ez ikusiarena egiten duen gobernu bat elkartzen dituzunean, ondorioak hurrengoak dira.

2019. urtea amaitzearekin bat, baso erretzeari lotutako hamarkada bat ixten da, kasu askotan baso tropikal primarioak izan direlarik galdu ditugunak. Amaitu berri den urtean, 12 milioi hektarea baso tropikal galdu dira planetako hainbat tokitan, besteak beste, Amazonasen, Afrikan edo Indonesian. Kasu gehienetan basoak nahita eta helburu ekonomikoekin erretzen dira, esaterako, palma edo soia monokultiboak landatzeko. Hala ere, basoak erretzeak ez du deforestazioa soilik suposatzen. Basoak erretzean aldaketa klimatikoa indartzen dituzten gasak ere isurtzen dira. Zoritxarrez, baso mozketa, baso erretzea eta prezipitazioen murrizketaren ondorioz, Amazonas dagoeneko eta itzulerarik gabe, oihan tropikaletik Brasileko Cerrado-ren antzeko sabana tropikal batera igarotzen ari dela frogatu dute ikerketa zientifikoek.

Klima aldaketa dagoeneko errealitate bat da, eta horren ondorio katastrofikoak ikusten ari dira gaur egun Australian. 2019. urtean zehar, baso azaleraren galerari buruzko datuak suntsitzaileak baziren, urritik aurrera Ozeaniako kontinente handiaren desolazioak utzi dituen zifrak gehitu behar zaizkie aurreko hauei.

Eukaliptoak zuhaitz nabarienak dira Australian, 800 espezie baino gehiago daudelarik. Eukaliptoak sua gustuko duten zuhaitzak dira, espezie pirofiloakderitzenak. Aireko zatia erre arren adarrak bizkor berpizten dira sutearen ondoren. Eukaliptoen ezaugarri honen ondorioz, Australia betidanik egon da baso suteei lotuta.

Aurtengo suteak aurrekaririk gabeko tamaina eta intentsitatekoak dira. Bi hilabeteetan ia 6 milioi hektarea baso (Kroazia bezalako tamaina) desagertu dira. Gehienak parke nazionalak izan dira. Neguan jasandako lehorte bizia, tenperatura altuekin konbinatuta, koktel ezin hobea izan da edozein txinpartak 65 metrotako altuerako sute ikaragarria pizteko (Guggenheimek 57 m-ko altuera du gehienez).

Australia ekialdeko kostaldeko suteen ondorioz sortutako kea Pazifikoruntz doa. Handik egun batzuetara hodeia Zelanda Berrian zegoen, non glaziarrak laranjaz tindatu ziren. Honek hurrengo hilabeteetan izotza maila azkarragoan berotu eta urtzea ekarriko du. Keak dagoeneko ozeanoa zeharkatu du eta Txilen dago.

Egungo suteek ere ez dute aurrekaririk izan fauna basatien galerari dagokionez, animalia basatiak baitira gehien sufritzen dutenak. Une honetan adituek estimatzen dute mila milioi animalia baino gehiago hil direla suteen ondorioz!!! Baso primarioa ebakitzeko ohitura txarrak eta espezie inbaditzaileak sartzearen ondorioz, Australia mehatxatutako espezie gehien dituzten 10 herrialdeen zerrendaren burua izan da, Mexiko, Estatu Batuak eta Indonesia herrialdeekin batera. Hondamendi honen ostean, ez da arraroa Australia berriro egotea ´top ten´horretan.

Adibide ezagun bat ematearren, Gales Berriko Hegoalde estatuan bakarrik gutxi gorabehera 8.400 koala hil direla uste da, hau da, egungo populazioaren %30 estatuan.Kangaroo Island-en, ordea, biodibertsitaterako ´hotspot´garrantzitsua Australian, bertan bizi diren koalen erdia hil egin direla estimatu da. Populazioaren gainbehera hau kritikoa izan daiteke jada bere habitata desagertuta zeukan espezie baten berreskurapenerako. Hala ere, koalak ez dira kaltetutako espezie bakarrak. Ospe gutxiago eta ingurune mugatu batean bizi diren espezie batzuen habitat osoa desagertu egin da (adibidez, Kangaroo Island bakarrik bizi ziren espezie batzuk), eta gertakizun horrek espezie horiek desagertzeko zorian jartzen ditu. Biziraungo duten espezieek ehun urte baino gehiago beharko dituzte suteen aurreko populazioaren tamaina berreskuratzeko. Edonola, galdu diren animalia zenbakiak baino garrantzitsuagoa da galdutako habitatean pentsatzea eta berreskuratzea, azken finean, habitataren kalitatearen menpe baitaude animalia guztiak.  

Suteek aurrera jarraitzen dute eta datozen asteetan egoera larriagoa izan daitekeela aurreikusten da. Azken finean, uda hasi berri da. Honek, animalia basatien multzoa oso egoera latzean jartzen du. Sutean zuzenean hil ez diren animalientzat, etorkizuna beltza da. Suteak hain biziak izan direnez, aterpe gisa balio zuen sasi osoa desagertu egin da, animaliak harraparien menpean utziz. Janaririk eta urik ere ez dago. Zuzenean kaltetuta ez dauden lekuetan ere, Canberra esate baterako, elikatu gabeko hegazti eta kanguru argalak ikusten dira, belar jaleentzako belarrik ez dagoelako eta intsektiboroentzako intsekturik ez dagoelako. Landaredia hil egin da. Janari eskasiak, 47 graduko muturreko tenperaturekin batera, animaliak zuhaitzetatik hilda erortzea eragin du.

Hondamena latza izan arren, pertsona batzuk bizirik dauden animaliei laguntza ematen saiatzen gara kaltetutako guneak janariz eta urez hornituz. Hala ere, Australia baso eta animaliarik gabe gelditu da, eta natura maite duten pertsonak suntsipenaren magnitudeaz betilunak. Aurrekaririk gabeko hondamendi honek, Aiaraldetik oso urrun egon arren, baliogarria izan beharko luke, hemendik aurrera planetan eragindako kalteak berraztertzeko lehentasunezko premia duten taldeburuak laguntzeko. Inork ez daki non gertatuko den hurrengo aldaketa klimatikoaren ondoriozko hondamena!

Munduko beste aldean, kez inguratuta eta milaka animalia gure inguruan hiltzen ikustean, azken asteetan egiteko gai izan garen gauza bakarra negar egitea izan da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide