Pasaden larunbatean Urduñako neskek Erandioko Betiko Nesken kontra jokatu zuten Bizkaia kopako txapelketaren lehen partidan. Hainbat jokalariren falta zela medio, Tyerrik zuzendutako taldeak hamar jokalarirekin abiatu zen San Lorentzo zelaira.
Lehenengo zatian gorritxoak oso gogor atera ziren, defentsan oso ondo kokatuta eta kontran ateratzen saiatzen. Etxeko taldeak area kanpotik gola sartzen saiatuzen, baina Edurnek bi geldiketa on egin zituen aurkarien gola saihesteko.Urduñari aurkarien zelaira hurbiltzea kostatzen zitzaion, hala ere, lehenengo zatiko aukera argiena Txitik izan zuen ate aurrean bakarrik geratu ostean, baina bere jaurtiketa, ezkerraz egindakoa, kanpora joan zen.
Bigarren zatia oso ezberdin hasi zen. Edurnek eta Ekiñek ez ziren jokaldi batean ondo ulertu eta Erandioko neskek aukera hori profitatu zuten bigarren minutuan lehen gola sartzeko. Lehen gola sartu eta hamar minutu geroago Erandioko Betiko Neskek bigarrena lortu zuten. Hortik aurrera Tyerrik zuzendutako taldeak amore eman zuen, lehenengo zatian ahalegin handia egin arren. Markagailu horrekin Edurnek penalti bat gelditu zuen, baina ez zen nahikoa izan, Urduñak beste hiru gol jaso zituen. Horrela, markagailua bost eta huts geratu zen Erandioko nesken alde.
Txapelketa hasi baino ez da egin eta ez dugu ahaztu behar Urduñako neskek pasa den denboraldian txapelketa irabazi zutela.