Urduñako neskak partidako lehenengo minututik garaipena lortzeko asmoz atera ziren Arbietoko zelaira. Etxeko taldearen lehen aukera partidako zortzigarren minutuan heldu zen atzelari batek Maitane area barruan lurrera bota ostean. Txiti izan zen penaltia jaurti zuena, baina bere jaurtiketa kanpora joan zen. Hala ere, Tyerrik zuzendutako taldea ez zen lur jota gelditu eta hamaikagarren minutuan Maitanek area barrutik oso jaurtiketa gogorra egin zuen markagailua irekitzeko.
Hogeita hirugarren minutuan Txitik Ibaiondo Nerbioiko atezainari oinaren kanpoko aldearekin "baselina" egin zion urduñarren bigarren gola eskuratzeko. Minutu bat pasa eta gero Maitanek Aneri lerro erditik egindako pasea kontrolatu zuen eta area barrura sartu eta gero atezaina gainditu zuen markagailua hiru eta huts jartzeko. Erdilariak Bizkaiko Kopako Txapelketan debuta egiten zuen bi hilabete lesionatuta egon ostean.
Laugarren gola hogeita zazpigarren minutuan heldu zen Maiderren eskutik. Txitik ezkerretik kornerra bota zuen eta errebote batzuk egon eta gero Maiderrek baloia ate barrura sartzea lortu zuen. Lau minutu eta gero Estik bosgarren gola sartu zuen atsedenera markagailu horrekin joateko.
Atsedenaldiaren ostean gorritxoek erritmoa jaitsi zuten. Hala ere, berrogeita hemeretzigarren minutuan Maitanek sekulako jokaldia landu ondoren, atzelariak atzean uztea lortu zuen atezainaren aurrean bakarrik geratzeko eta urduñarren seigarren gola sartzeko.
Hirurogeita seigarren minutuan Txitik kornerra atera zuen eta Olaitzek jaurtiketa gogor batekin baloia, lurzorua ukitu gabe, errematatu zuen zazpigarrena lortzeko. Zortzigarren gola hamar minutu geroago heldu zen: Maiderrek eskuin hegaletik jokaldi polita egin eta Txitiri pasea egin zion horrek baloia ate barrura sartzeko. Txitiren gola heldu eta gero Ibaiondo Nerbioi taldearen jokalari batek bigarren txartel horia jaso zuen arbitroari protesta egiteagatik. Horrela, kanpoko taldea hamar jokalariekin geratu zen.
Bederatzigarren eta azken gola laurogeita zortzigarren minutuan izan zen Txitik area kanpotik egindako "baselina" batekin. Gol horrekin bere partiduko hirugarren gola sartzea lortzen zuen Urduñako kapitainak.