Pasa den igandean, CD Orduña taldea Bermeoren kontra neurtu zen sailkapeneko lehenengo postua mantentzeko asmotan. Hala izan zen, eta gorritxoek hiru puntuak eraman zituzten.
Partida oso berdinduta hasi zen, baina hamabost minutu pasa ostean Arbietoko neskak arriskua sortzen hasi ziren. Lehen jokaldi arriskutsua Maitaneren jaurtiketa batekin heldu zen, baina atezainak gelditu zuen arazorik gabe. Hainbat minutu geroago Maiderrek eta Txitik beste bi aukera izan zituzten, baina ez zuten zorterik izan.
Tyerrik zuzendutako taldearen gola heltzeko gutxi geratzen zenean, hogeita hamabigarren minutuan Bermeo taldearen gola iritsi zen urrutitik egindako jaurtiketa batekin. Arbietoko neskak ez ziren lur jota geratu eta bost minutu pasa ostean Maiderrek partida berdindu zuen. Bi minutu ostean Txitik markagailuari bira emango zion. Markagailu horrekin heldu zen partida atsedenera.
Bigarren zatian Urduñako neskak hiru puntuen bila atera ziren, eta bigarren zatiko lehen minutuan Txitik atzelariak abiaduraz gainditzea lortu zuen eta atezainaren aurrean kokatu ondoren kapitainak jaurtiketa egin zuen taldeko hirugarren gola eskuratzeko. Zoritxarrez, jokaldi horretan urduñarra lesionatu zen eta partida utzi behar izan zuen.
Txitik lesioa izan eta bi minutu geroago Olaitzek CD Orduñaren laugarren gola sartuko zuen urrutitik egindako jaurtiketa batekin. Bosgarren gola Olaitzek berak sartu zuen eskuin hegaletik egindako jokaldi politaren ostean. Hirurogeita hamaikagarren minutuan Maiderrek zelaia utzi behar izan zuen lesio baten erruz.
Horrela, taldea hamar jokalariekin geratu zen eta Maitanek taldearen kontrola hartu zuen. Hirurogeita hamabosgarren minutuan erdilariak seigarren gola sartu zuen jokaldi pertsonalaren ondorioz.
Laurogeita bosgarren minutuan Nekanek markagailua itxi zuen kornerra errematatu eta gero.