Urduñako neskak Mungiaren kontra neurtu ziren pasaden larunbatean Legarda zelaian. Gorritxoak Mungiaren kontra hiru puntuak eramateko ideiarekin joan ziren aurreko partidua bat eta bi galdu ostean. Tyerrik zuzendutako taldeak Txiti eta Maiderren faltarekin atera behar izan ziren Mungiaren kontra.
Partidua hasi eta sei minutura Olaitzek zelai erdian baloia hartu eta gero Esti eta Nekanerekin bat-bikoa egin zuen. Jokaldi horri esker jokalari gazteak atezainaren aurrean bakarrik jarri eta arazorik gabe partiduko lehen gola sartu zuen.
Baina partidua ez zen erraza izango, eta etxeko taldea aukerak izaten hasi zen. Hamazortzigarren minutuan Mungiaren gola heldu zen partidua berdintzeko. Gorritxoek ez zituzten besoak jaitsi eta markagailuan aurrean jartzeko bi aukera izan zituzten Aneren eskutik, baina jokalariak ez zuen gola sartzea lortu. Atsedenera heldu aurretik etxeko taldeak gola sartzeko aukera argia izan zuen, baina Edurnek geldiketa on batekin baloia ate barrura sartzen saihestu zuen.
Bigarren zatia oso berdinduta egon zen. Urduñako neskek partiduko hiru puntuak eramateko ideiarekin jarraitzen zuten, eta Tyerrik zuzendutako taldearen bigarren gola Estiren eskutik heldu zen ezker hegaletik egindako jokaldi polit bati bukaera ona emanez. Estiren golaren ostean Urduñak partiduaren pisua eraman zuten, berrogeita hamazazpigarren minutuan Estik korner bat bota zuen eta Maitanek baloia kontrolatu ostean jaurtiketa egin zuen Urduña taldearen hirugarren gola sartzeko. Bi minutu geroago Olaitzek markagailua bat eta hiru jarri zuen falta jaurtiketa batekin gola sartu eta gero.