Pasa den larunbateko partida garrantzi berezia izan zuen Arbietoko neskentzat. Elkarren segidako seigarren porrota eskuratu eta gero Aiaraldeko taldeak garaipena eskuratu zuen Urretxindorra IK. taldearen aurka.
Partida Tyerrik zuzendutako taldearen alde jarri zen lehenengo minutuan Esti Dueñasen golari esker. Lehenengo zatian beste gol bat lortuko zuen etxeko taldeak. Paula Zaratek hegaletik abiaduraz joanda erdiraketa egin zuen eta Maiderrek ez zuen gola sartzeko aukera galdu, jokalariak partiduko bigarren gola buruz eskuratu zuen. Lehengo zatia markagailu horrekin bukatu zen.
Bigarren zatia hasi bezain pronto Maider atezainaren aurrean bakarrik jarri zen eta bera izan zen dueluan irabazlea atera zena. CD Orduña markagailuan hiru eta huts jarri zen.
Urretxindorraren gola ez zen asko luzatu, horrela markagailua hiru eta bat jarri zuen kanpoko taldeak. Arbietoko neskek beste gol bat eskuratzeko denbora izan zuten Paula Zarateren eskutik. Aiaraldeko jokalaria hainbat aukera zorterik gabe izan ondoren, bere aukera gauzatzea lortu zuen partiduko azkenengo gola lortuta.
Horrela, CD Orduñako neskek 2019ko lehenengo garaipena lortu zuten. Arbietoko neskek hurrengo igandean Mungiaren kontra neurtuko dira garaipen boladari jarraipena emateko. Tyerrik zuzendutako taldeak zazpi puntu eramaten dio asteburu honeko lehiakideari.