Martxoaren 31, emakumezkoen futbolarentzat egutegian kolorez markatzeko beste egun garrantzitsua da. Anfitrioia: San Mamés. Partiduko irabazlea Athletic baino, talde zuri-gorriak Bizkaia osoan banatuta dituen hitzartutako klubak izan ziren. 32 neska futbol talde, alajaina. Horien artean, Aiaraldeko CD Orduña taldea. Partiduko diru-bilketa guztia talde hauei banatuko zaie.
Ligako 26. jardunaldia giro ederrean igaro zen. 24.986 zale egon ziren harmailetan partiduaz gozatzen, mutilen lehenengo mailako zazpi futbol-zelaietan baino ikusle gehiago izaten. Egun horretan, 67 kilometrotara, beste partidu inportante bat jokatu zen. Alavés Athletic “B” taldearekin neurtu zen Mendizorrotzan. Bigarren mailako partiduak 8.375 ikusle izan zituen, maila horretan lortutako zenbakirik onena.
Gainera, neskak zelai horretan jokatzen estreinatu ziren. Emakumezkoen futbolak azken hilabeteetan pausu erraldoiak eman ditu. Urtarrilaren 30ean, Kopako final laurdenetan, Athletick Atletico de Madrid taldearekin neurtu zen San Mamesen eta 48.121 zale bildu ziren. Errekorreko zenbakiak. Ligako 20 eta 24. jardunaldietan neskek Anoeta eta Wanda Metropolitano zelaietan jokatu zuten. Donostian 21.234 zale bildu ziren eta Madrilen 60.739, lortu den zenbakirik onena. Zenbakiek bakarrik hitz egiten dute. Eztabaidak jarraitzen duen bitartean emakumezkoen futbolak oztopoak gainditzen jarraitzen du.