Milaka mahai inguru, iritzi artikulu eta abar ari dira egunotan izaten, etorkizuna aurreikusteko ahaleginetan. Nolakoa izango da gizartea epe motz, ertain eta luzean? Gizarte eredu berdinera bueltatuko al gara? Balioko ote digu egoera honek agerian geratu diren zaintza lanen garrantziaz ohartarazteko?
Eta, ondorioz, honen arabera erabaki eta jarduteko? Zer neurri jarri beharko dira martxan ondorio negatiboak leuntzeko? Zein politika, neurri eta erabaki jarriko dira martxan hurrengo hilabeteetan?
Zalantzarik ez dut denen gustukoa ez dela izango, eta iritziak asko eta ezberdinak egongo direla.
Aurrekoan idatzi nuen pandemia honek nekez eragiten digula guztioi berdin. Eta duela egun batzuk argitaratutako ikerketa batek, behin ere ideia honi eustera garamatza.
Ez du ezer berririk esaten, baina garrantzitsua deritzot mahai gainean datu hauek berriro jartzeari. “Haurren osasuna konfinatua” txostenean agerian uzten dira familiek bizi dituzten baldintza ezberdintasunak eta hauen ongizatean existitzen den arrakala.
Txostenak ez du bakarrik haurren bizi ohitura kezkagarrien inguruan ohartarazteko balio, baizik eta gizarte egiturek gure osasun eta ongizatean eragin zuzena dutela konturatzeko ere; zuzenean generoari, maila sozialari eta ikasketa mailari lotutako eragina, hain zuzen ere.
Erraza da esaten denek tratu eta eskubide berak izan behar ditugula. Baina neurriek ezin dute berdinak izan, gizarte ereduak desberdin eragiten digun heinean. Askorentzat beharbada ez da izango erraza ulertzen. Sinetsita nago irudi batek mila hitzek baino gehiago adierazten duela dioen esaldian. Hortxe bada!
Datozen asteetan pentsa dezagun ea proposatzen ditugun neurri eta soluzioek denentzat balio duten, baita denek dugun aukera aprobetxatzeko ere. Ea berdintasunaren gainetik ere, beste balio batzuk sustatzen diren gizarte politiketan, ekitatea kasu.