Azaroak 25. Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren kontrako eguna. Pandemiaren bigarren olatuaren erdian, askok argudiatuko dute ez dela momentua kalera ateratzeko. Erantzukizunez jokatu, etxean geratu, elkar babestu eta zaintzeko garaia dela. Bai, ados, elkar zaintzeko garaia da; eta inoiz baino gehiago krisi sanitario, sozial eta ekonomikoa begirada feministaz kudeatzekoa ere. Bizitzak erdigunean jartzekoa.
Epe motzeko neurriez gain, krisiak epe ertain eta luzera utziko dituen ondorioei erantzungo dien neurriak behar ditugu, berriro ere ezberdintasun sozialak eta emakumeon aurkako indarkeriak areagotu ez daitezen. Izan ere, birusak ez du diskriminaziorik egiten, bai ordea indarrean dauden botere egiturek.
Oraindik konbentzituta ez bazaude, jarraian doa indarkerien dekalogoa, Azaroaren 25ean gurekin bat egitera eramango zaituena:
1. COVIDak eragiten dituen sintomak ez dira berdinak sexu ezberdineko pertsonentzat. Desberdintasunak daudela onartu eta hauek aztertzea beharrezkoa da kalitatezko arreta eskaintzerako orduan. Hala, gorputz emeak (eta ez soilik subjektu arrak) kontuan izango dituzten ikerketak behar ditugu gaurdanik.
2. Euskal Herriko Unibertsitateak Espainiar Estatuko beste zenbait unibertsitaterekin ateratako ikerketa batean argitara ematen da guraso gazteen artean ere amek aitek baino inpaktu negatibo handiagoa sumatzen dutela osasun fisiko eta mentalean, baita bizi kalitatean ere. Gainera, emakumeen %28,2ak uste du konfinamenduaren eragina epe luzerako izango dutela, gizonen %18,2aren aldean. Genero ikuspegitik diseinatutako kontziliazio politikak behar ditugu.
3. Emakundek argitaratutako txostenak azaltzen duenez, COVID19az diagnostikatutako 10tik 6k emakume aurpegia dute. Hau, hein handi batean, gizartean egozten zaizkigun zaintza rolen ondorioz gure buruak birusaren aurrean jartzera gehiago arriskatzeagatik gertatzen da. Gure gorputzak babesteko baliabideak behar ditugu.
4. Emakumeak izan dira pandemia garaian zaintza eta bizitza sostengatu dutenak, eremu pribatuan eta publikoan. Osasungintzan lan egiten dutenen profesionalen artean 10etik 8 emakumeak dira. Erresidentzia soziosanitarioetan lan egiten dutenen artean 10etik 8 emakumeak. Eta dependentziaren bat duten pertsonak zaintzen dituzten langile ez profesionalen artean 10etik 9k dute emakume aurpegia. Zaintza lanen aitortza behar dugu.
5. Osasungintza eta zaintza sektoreaz gain, elikadura eta garbiketa sektoreen feminizazioa argia da baita. Guztiak oinarrizko lanak, aitortzarik gabeak gure gizartean.
6. Maiatzerarte COVID19ak gaixotu dituen osasungintza profesionalen %76a emakumeak ziren.
7. Nazioartean hainbat erakunde eta mugimenduk salatu dute babes ekipoak ez daudela egokituta emakumeen gorputz eta neurrietara, hauen gorputzak arriskuan jartzeraino.
Baina ez harritu, hau ez da Koronabirusaren garaiko kontua. Izan ere, aurretik argitaratutako ikerketek diote nola soilik emakumeen %29ak erabiltzen zituen guretzat diseinatutako babes ekipoak.
8. Datu sozioekonomikoek argi uzten dute, diru sarreren gutxitzearekin eta ekonomia informalaren handitzearekin batera, lan prekarietateak eta langabeziak emakumeak kolpatu gaituela gehien.
9. Derrigorrezko etxeratzeak indarkeria matxista kasuak areagotzea ekarri du. Gutxi dakigu eman diren kasuez, baina aurretik bizitako krisi egoerek erakutsi digute honelako egoerek indarkeriaren larriagotzea dakartela.
10. Krisia kudeatzeko batzorde “teknikoak” EAEn gizon aurpegia eta ahotsa du. 10 gizon, hiru emakume. Gure bizitzak babesteko neurriak organo maskulinizatuetan hartzen dira.
Indarkeriak aurpegi asko ditu eta izan ditu pandemia garaian. Arrazoiak soberan ditugu, galtzeko gutxi. Azaroak 25ean AIARALDEKO EMAKUMEOK kaleak hartzera goaz!