Gure gorputzen gaineko kontrola hartu nahi duzuen guztioi

Piropo matxista bezain misoginoekin ahoa betetzen duzuen bakoitzean, aurrean izango gara. Amets egiten dugun bezala, borrokan jarraituko dugulako, gorputz askeen herria eraikitzeraino.

Amets egiten dut batzuetan. Gorputzak aske izango diren mundu batekin, eta heteroarauen gainetik emakumeon* gorputzak menperatzeko joerarik egongo ez den munduarekin egiten dut amets. Urte amaierarekin batera, Argentinatik iritsi diren albisteak pozez jaso ditugun arren, tupust egin eta errealitatera itzultzen gara bat-batean zure hitzekin.

Lotsagarriak eta mingarriak dira zure hitzok. Topa egiten duzun aldiro handitzen den aparraren harrotasun berarekin esaten dituzun hitz horiek. “Anda que la X, está mejor que yo”, “está como la cena de Navidad”, “cómo se ha puesto”, “pingo”, eta “zorra”. Ez naiz isiltzen, eta ez naiz esandakoa ezkutatzen arituko. Hauek eta gehiago entzun beharrak lotsa ematen dit, nazka, amorrua. Nor zara zu emakume baten gorputza publikoan epaitzeko? Nor zara zu zer jantzi eta erantzi behar duen esateko? Eta nor erabiltzen dituzun hitzekin inor iraintzeko?

Laudioko pertsona publiko bat izanik eta ehundaka jarraitzaile dituen sare sozialetako kontuetatik adierazten dituzunak bezalakoak esateak, benetan larria den zerbait dela uste dut. Ez nuke esan gabe utzi nahi zurea bezain salatzekoa eta kezkagarria iruditzen zaidala jarraitzaile dituzun guztien jarrera, baita honelako ekintzen aurrean isiltzen diren konplize guztiena ere.

Are gehiago, zuk “Gora Laudio” esatearekin batera zera datorkit burura: nik ez dudala emakumeak apaingarri balira bezala baliatzen dituen herrian bizi nahi, ezta inor atzean geratzen bada “que se joda” esango duen jendartearen parte izan nahi ere. Dena den, egia esan behar badut, lotsagarria baino, beste hitz batekin definituko nuke argitaratutakoa: kutrea.

Ez dakit hau irakurriko duzun, ezta zure jarrerak aldatzeko balio izango duen ere. Baina argi izan gure gorputzen gaineko kontrola hartu nahi duzuen aldiro edota piropo matxista bezain misoginoekin ahoa betetzen duzuen bakoitzean, aurrean izango garela. Amets egiten dugun bezala, borrokan jarraituko dugulako, gorputz askeen herria eraikitzeraino.

GORA GORPUTZ ASKEAK! GORA BORROKA FEMINISTA!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide