“No toca”. XVIII. mendea balitz agian pentsatuko nuke benetan zioela. Ez omen zen momentua. Erantzukizunez jokatzea tokatzen zitzaigun emakumeoi*. Berriro ere menpeko, isilik eta etxean. Hobe horrela, bai; badaezpada hobe etxean.
Baina XXI. mendean gaude zorionez eta atera ginen. Erantzukizunez gainera, elkar zainduz. Pandemia betean geundenean egin genuen bezala. Orduan ikusi zuen munduak ez zela ezer emakumeon* zaintza lanik gabe.
Atzo, gizartea errealitate berrira itzultzera ohitzen den bitartean, guk argi esan genuen hau ez dela gure bakea. Ez dugula soldata eta pentsio arrakala jasaten jarraitu nahi, zaintza lan oro gure bizkarren gain hartu nahi, maitasun erromantikoak itotzen gaituen bitartean maitatu nahi, kaleak segurtasunaren izenean poliziaz josita ikusi nahi, ezta zuen eskuetan hil nahi ere.
Egongo dira oraindik ere argudiatuko dutenak ez zela eguna, eta erantzukizunez jokatzea izan zela zapi morez balkoiak apaintzeko erabakia. Niri burura datozkit azken aste eta hilabeteetan eskualdeko hainbat mobilizazioetan ikusitako irudiak. Eta ez dut ezer ulertzen. Baina noski, gauden XXI. mende honetan ere feminismoa ez da lehentasuna askorentzat eta ez dago gehienon agenda politikoan. Horregatik izango da.
Baina guk, feministok, traba guztien gainetik berriro ere egingo genuke. Berriro hartuko genuke erratza sasi guztien gainetik hegan egiteko, libre. Borrokak egingo gaituelako aske. EGIN GENUEN, ETA GAUR ERE KALERA ATERAKO GARA! LANERA, ELKAR ZAINTZERA, SISTEMARI ARRAKALAK EGITERA ETA EUSKAL HERRI FEMINISTA ERAIKITZERA!
GORA BORROKA FEMINISTA!