IRITZIA

SOS osasungintza publikoa

Osasungintza publikoaren defentsan Laudion egindako mobilizazioa. / Aiaraldea.eus

Maider Urtaran eta Uztai Largatxa osasun publiko eta komunitarioan ikertzailea eta familia eta komunitate mediku egoiliarra dira, hurrenez hurren. Datorren urtarrilaren 23an osasungintza publikoaren alde mobilizatzeko deia egin dute.

Itxaron zerrenda gero eta luzeagoak, kontsulta presentzialetarako zailtasunak, mediku zein erizainen etengabeko aldaketak kontsultetan, osasun zentro pribatuetako iragarkien areagotzea…. normala dela iruditzen zaizu? Ba ez, ez da normala. Nahiz eta pandemia garaia izan, ez da normala. Osasungintza publikoa, eta bereziki lehen mailako arreta, hilzorian dugu. Bai, DUGU, DENONA delako: osasungintzako langileena, herritarrena, eta administrazio publikoena. Azken hauei dagokie zaindu eta indartzeko betebeharra. Gaixo kronikoa bazara erizainaren aholkuak jasotzen dituzulako, zure haur jaioberriaren zaintzan laguntzen dizutelako, gaueko ordu txikitan larrialdiren bat baduzu artatzen zaituztelako, baita prebentziorako mediku azterketaren bat jasotzen duzulako ere. Arrazoi guzti hauengatik, eta beste askorengatik, dagokigu babestea. Lehen mailako arretak, osasun-arazo eta nahi ugariri ematen dio irtenbidea. Baina pandemiaren aitzakiapean, hauetako asko bertan behera geratu dira; eta gu kalitatezko osasun arreta jasotzeko dugun eskubiderik gabe gaude.

Nola zainduko gaitu astero kontsulta ezberdin batean egotera behartzen duten medikuak? Behin ikusita gure izenak ikasteko tarterik ere ez du izango! Eta nola eskainiko dizkigu hain beharrezko ditugun minutuak, egunero 40-50 pertsona artatu behar baditu? Eta oporrak ezin baditu hartu, ordezkatuko duenik ez dagoelako? Edo egunero behar lukeena baino ordubete beranduago bueltatzen bada etxera? Horrelako baldintzetan ezinezkoa da lan on bat egitea eta, are gutxiago, gaixo gisa ditugun beharrak asetzea. Zerbitzu publikoen pobretzeak arrisku larria dira gizarte osoarentzat. Murrizketek jarraituz gero, klase ertainekoak diren familia askok seguru pribatuak erosteko arriskua dago. Eta honek, eragin negatiboa du komunitate osoaren osasunean eta birbanaketa sozialean. Zergatik? 

Lehenik eta behin, osasun-sistema pribatuen presentzia handiagoak, osasunaren merkantilizazioa areagotzea dakar, eta osasun-profesionalek irabazi ekonomikoetan oinarritutako erabakiak har ditzakete pazienteen benetako osasun beharrak kontuan hartu gabe. Bestalde, osasun-zerbitzu publikoaren zilegitasun sozialean (Osakidetzan, gure kasuan) eragina izan dezake ere, klase ertaineko sektore zabalak ez erabiltzearen ondorioz. 

Lehen mailako arreta indartsu batek, beste politika publiko batzuekin batera, komunitateen osasuna hobetzea, osasun-ekitatea sustatzea eta bakoitzaren balioen arabera bizitzea ahalbidetzen du. Are gehiago, lehen mailako arretak pazienteen eta osasun-profesionalen arteko harremanak errazten ditu, pazienteek beren osasunari buruzko erabakiak hartzen laguntzen du, eta loturak sortzen ditu pazientearen, bere familia eta komunitatearen artean. Onartezina da lehen mailako arreta lehentasunezko eta larrialdi-zerbitzuak emateko kanal batera murriztea soilik. Hego Euskal Herrian kalitatezkoa, nahikoa baliabideekin hornitua, langileen duintasuna eta ongizatea bermatuko dituena, hurbila eta longitudinala izango den osasun arreta borrokatzera goaz! Urtarrilaren 23an kalera! ADI DEIALDIEI!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide