Etxebizitza Aiaraldean

Etxebizitza eskubidearen aldeko borroka, jendearen osasuna zaintzen dugunon borroka ere bada

Erabiltzailearen aurpegia Maider Urtaran eta Uztai Largatxa

Iragan asteko etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorreko mobilizazioaren hasierako irudia. / Aiaraldea.eus

Etxebizitzaren krisia osasun publikoko krisia ere bada. Etxebizitza osasuna baldintzatzen duen faktore soziala izanik, bien arteko erlazioa ulertu eta aitortzea ezinbestekoa dugu. Nahikoa ikerketa eta ebidentzia sortu da azken hamarkadetan etxebizitzak pertsonen ongizatean duen eraginaz. Etxebizitza segurtasun ezak, eta bereziki etxegabetze prozesuek, nabarmen kaltetzen dute pertsonen osasun fisiko zein mentala. Etxebizitza segurtasun ezak beregain dakartza suizidiorako arrisku handiagoa, eta antsietate nahiz insomnio kasu ugariren ondorio zuzena da. Are gehiago, osasun arazo kardiobaskularren edota osasun orokorraren adierazleen txartzearekin ere erlazionatzen dira etxegabetzeak, besteak beste. Izan ere, etxebizitza duina eskuratzeko zailtasunek tabako kontsumoa handitu eta arrisku kardiobaskularra handitzen dute.  

Osasun zentroetan eskaintzen dugun arretan ikusten dugu nola prekarietate eta etxebizitza duin ezak herritarrak gaixotzen dituen.  

Zentzu honetan, gure lanean ezin dugu pertsonen osasun eta ongizatea zaintzeaz hitz egin etxebizitzaren auziari entzungor egiten diogun bitartean. Ezin dugu gure kontsultetara hurbiltzen diren pertsonen osasuna ulertu eta zaindu, euren etxebizitza egoera albo batera utziz. Eta batez ere, ezin dugu beste aldera begiratu gizartean etxebizitza duinen aldeko eztabaida eta aldarriak bor-bor dauden honetan. 

Medikuntza lana eta populazioaren osasuna hobetzea, etxebizitza-eskubidea defendatzen duten gizarte mugimenduekin lan egitea ere bada. Guk, lehen arretako eta osasun publikoko profesional gisa, aterabide honen parte ere izan nahi eta behar dugu. Etxebizitza eskubidearen aldeko mugimendua ongizatearen eta osasunaren aldeko lanean pieza ezinbestekoa delako. 

Eskerrik asko azken greban kalera atera zinetenoi. Eskerrik asko etxe(bizitza) duin baten alde antolatzen eta borrokatzen duzuen guztioi. Eskerrik asko zuen lanarekin ere pertsonen osasuna hobetzeko egiten duzuen ekarpenagatik. 

Azken greba mugarri izan da. Eskualdean piztu da jada etxebizitza duina denontzat lortzeko borroka. Eta beraz, dei egiten diogu guk bezala, pertsonen ongizatearekin eta gizarte justuago batekin kezka duen orori, herri mugimenduko eragile eta sindikatuetan antolatzeko, guztiontzako etxebizitza, osasun eta bizitzaren alde! 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide