IRITZIA

Egunez egun, egunetik egunera, Laudio eginez

'Laudioko berbak' liburuaren aurkezpeneko irudia. / Aiaraldea.eus

Ez gara unerik egokienean bizi gure asmoa aparteko proiektu ikusgarriak garatzea baldin bada. Aitzitik, bereziki zaila izaten ari dira osasun-egoerak eragindako ziurgabetasuna eta normaltasun eza, erabat baldintzatzen dituztelako gure ekintzak eta egiten dugun urrats bakoitza. Egunez egun, egunetik egunera.

Hala eta guztiz ere, beste aldetik begiratuta, onartu behar dugu une zailetan bereziki gailentzen direla jarduteko modu onak, isilpeko ahaleginak, inurrien moduko lanak edo, azken finean, intxaurrak batu eta herriari eskuragarri jartzea. Hobe intxaurrak, bai, zaratak ez baitu elikatzen. Urte hauetan egin diren ohiko jarduera ugari eta askotarikoak alde batera utzita, azpimarratzekoa da ahalegin handia egin dela tokiko emakume askori ikusgarritasuna emateko, orain arte ia anonimoak izan direnak, ia ahaztuak genituenean. Andre zehatz horiek hautatu dira egunez egun borrokatu zuten emakume guztien ikur eta irudikapen gisa, merezi, guztiek merezi dutelako omenaldia. Hain harrera ona izan duen ‘Itzalpeko emakumeak’ izeneko ekimenaz ari gara, jakina.

Aipatzekoa da, bestalde, kultura jardueren programa amaitezina: kultUDABERRIA, kultUDA edo Udazken Musikatua, besteak beste. Dozenaka ekimen egin dira, batzuetan babes sanitarioko neurriek oso baldintzatuta, baina, azkenean, aurrera ederto atera dira. Hor daude gure historiarako egindako antzezlanak, musika errezitaldiak, askotariko ikuskizunak, gure abesbatza eta musika eta dantza taldeen emanaldiak... Egoerak une bakoitzean ahalbidetu izan duen bezala, bikainki beteak babes neurriak. Ahalegin bereziko kudeaketa izan da, arduratsu jokatu behar zelako une oro, ez baita akatsak egiteko unea. Eta horrela jokatuta, uste dugu laudioarrak ez direla zurtz sentitu kultura esparruan. Kontrara, berotasun, hurbiltasun, ilusio, itxaropen eta ugaritasuna izan dituzte lagun.

Beste adibide bat aipatzearren, gure herriaren identitate alorrean egindako lanez hitz egingo dugu. Euskararen erabilera normalizatzeko ekimenak nabarmentzekoak dira. Kanpoko proiekzioagatik agerikoenak direnak alde batera utzita, azpimarratzekoa da udal barruan egiten ari den lan handia, aipagarria, derrigortasun-datak lanpostu guztiei jarrita, lanerako eredu estandarizatu administratiboen erabilera, itzultzaileengana automatikoki ezin jotzea, batzorde guztiek eta osoko bilkurak interprete-zerbitzua izatea... Egiteko zenbat falta den ahaztu barik, aitortu dezakegu pozarren eta lotsagorritu gabe gure udala puntakoen artean dagoela alor horretan.

Kultura-ondarearen atalean, bestalde, dagoeneko errealitate bihurtu dira ondare-elementuak seinaleztatzeko, ikerketa arkeologikorako, hozkailuak, karobiak edo ermitak sendotzeko eta berreskuratzeko hainbat ekimen. Edo argitalpenak, Arrue bezalako pertsonaia bikainak berreskuratu eta duintzeko ekimenak edo garena zabaltzeko maila goreneko historia jardunaldi batzuk antolatzean. Hau da, betidanik aitortzen zena egitekoen artean, baina inork egiten ez zuena.

Izan ere, honetan ere badaude formak eta estiloak. Euskal ikertzaile ospetsu batek esan zuen bezala, denek egingo lukete hobeto... baina guk egin egiten dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide