IRITZIA

Korri korri korrikatik, harro herrira

Erabiltzailearen aurpegia Malen Atxa 2024ko mar. 7a, 11:00

Martxoaren 22an helduko da Korrika Laudiora. / Aiaraldea.eus

K-O-R-R-I-K-A! Korri korri korrika! Abesten genuen ikastolan etengabe lauzpabost urte genituela. Txis, Pun, Korrika! Oraindik gutariko askok gogoratzen dugun abestia da ziur nago.

Karriketan korrikan, korrika karriketan, abesten genuen ikastolan sei urterekin. Pausoz pauso euskalakari zortzirekin. Hamar urterekin heldu zen Bagoaz korrika! eta honen eskutik ikastolan koloreztatu behar izan dudan peto zailenetariko bat. Kontu handiz baina gustora koloreztatu eta zaindu nuen, baita korrika Laudiotik pasatu zen egunean pozez jantzi ere.

Urepeletik Bilbora abiatu zen Korrika 2015. urtean. Jada ez nintzen aurreko Korriketan izandako umea, 12 urterekin ikastolan jada ez genituen petoak koloreztatzen, pena bat; baina bueno, nire bizitzako lehen peto ofiziala jantzi nuela esan dezaket. Gustora gozatu genuen familian zein lagunen artean Bilbon Korrikaren amaiera.

Urte batzuk beranduago, atzerrian nengoela pasatu zen berriro korrika Laudiotik. Urrun harrapatu ninduen baina Irlandaraino heldu zitzaidan Korrikaren oihartzuna.

Azkena pandemiak atzeratu zigun eta urteak atzera ikastolan egiten genuena jada ez zegoen gure planetan; unibertsitatean ez ditu inork petoak margotzen ezta
abestiak abesten ere. Baina kontrakoak kontra, Korrikak eskualdean opari bat utzi zuen eta urte hartan hasiera Amurrion gozatzeko aukera izan genuen.

Bi urtero behin oroitzapen berriak gehitzen dizkiogu gure Korrikatekari, den-denak desberdinak bezain politak. Euskaraz.

Bi urtero behin herri oso bat helburu komun batengatik mugitzen gara. Harro egoteko zerbait da, euskaraz baita.

Oraindik, tamalez, korrika asko egin behar dugu, baina harro dagoen herri bat gara. 21 urte ditudalarik heldu da Harro Herri, atzerrian berriro, baina urruti bezain hurbil sentitzen dut nik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide