Iraila hasiera berrien hilabetea dela diote. Errealitate kolpe bat, errutina berriz hasi behar dugula adierazten diguna. Aspalditik genekien errutinarako buelta hau ez zela inolaz ere gainerako irailen modukoa izango. Hala ere, urtero legez itzuli gara eskolara, institutura, unibertsitatera eta lanera. Autobus, tren eta bestelako garraio berdinetan joan gara hara eta hona, eta martxoa heldu baino lehen topo egiten genuen pertsona guztiekin egin dugu topo berriz.
Jaurlaritzaren jarraibideen zain egon gara luzaroan, nahiko arraroa izaten ari den normaltasun berri honetara ahalik eta seguruen itzuli ahal izateko zer neurri hartuko zituzten jakiteko nahiarekin. Haatik, abuztuaren amaierara arte ez dugu deus jakin, eta agerian geratu da, beste behin ere, aurreikustekoa izanik ere, ez dela behar bezala aurreikusi, ez eta nahikoa neurri hartu. Inoiz baino buelta malkartsuagoa izan du iraila honek, eta inoiz baino ezjakintasun gehiago.
Unibertsitatean aurrez-aurreko eskolak hasi eta zinez harrituta geratu ginen jakin genuenean ez zela autobus gehiagorik egongo Unibertsitatera joateko, gehienetan jendez gainezka goazelako denok batera, ondorioz, segurtasun distantziarik ez. Ikasgeletan ere, ikasle kopurua altua bada, nekez errespetatu dezakegu segurtasun distantzia.
Arestian aipatutako zio horiengatik ikasle batzuk goizetan dituzte eskolak, beste batzuk arratsaldeetan, eta beste askok goiz zein arratsalde osoa igaro behar dugu Unibertsitatean. Logikoki, hemen bazkaldu ere. Aurreko urteetan beti izan dugu egoteko gelaren bat, zenbait mikrouhin laberekin bazkaria berotu ahal izateko. Aurten, ordea, COVID-19a dela eta, ez dago egoteko gelarik, ez dago ikasleko gelarik, ez dago mikrouhin laberik. Ezin dugu, oro har, ikasgela ez den beste espazio partekaturik erabili ezinbestean Unibertsitatean bazkaldu behar dugun horietan. Hau onargarria izan daiteke irailean zehar; izan ere, eguraldia nahiko goxoa da, egun eguzkitsuak ditugu eta euri askorik ez du ari. Baina problematika honi aurre egiteko proposatu diguten soluzio bakarra kafetegian bazkaltzea edo alboko supermerkatuan zerbait erostea da. Kontuak eginez gero, horrek sekulako dirutza suposatzen du hilean, eta ez dut uste Euskal Autonomia Erkidegoko familia askok diru hori bere gain har dezaketen. Eskoletara normaltasun osoz bueltatzerik badago, nahiz eta neurri asko errespetatu ez, segurtasun distantzia barne, Unibertsitatean segurtasuna bermatuz bazkaltzeko eskubidea ere eduki beharko genuke.